
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa
Kostaldea dute amankomunean. Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko zenbait museok euskal kostaldeko museoen arteko lankidetza gunea sortu dute. Museoak, interpretazio zentroak eta bestelako instalazioak elkartu dira, bakoitzak bere ikuspuntutik euskal kostaldeak dituen aukerekin eskaintza turistiko bateratua osatzeko. 11 dira, hain zuzen be, sarean parte hartzen duten gure eskualdeetako museoak.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak garatutako Euskal Kostaldeko Turismo Plan Zuzentzailetik eratorritako ekimena da. Euskal Kostaldeko Museoen Sarea lan-esparru funtzionala da, tokiko jendearentzat zein bisitarientzat bideratutako hainbat proiektutan lankidetzan aritzeko helburua duena.
Aurkezpenerako jarduerak
Hainbat izan ziren euskal kostaldearen lehenengo asteburuan, irailaren azken asteburuan, museoetan egindako jarduerak; hori izan baitzen elkarlanean egindako lehenengo urratsa. Lekeitioko Itsas Ondare Zentroan, adibidez, itsas korapiloak egiten ikasteko ikastaroa egin zuten, batetik; bestetik, bisita gidatuak egin ahal izan ziren prezio murriztuan Santa Katalina itsasargira, Marierrotako Interpretazio Zentrora edota Sosoagako Dolarera. Bestalde, Mutrikuko eta Gernika-Lumoko museoetan, sarrera dohainik izateaz gain, doako bisita gidatuak eskaini zituzten. Gainontzekoetan, Santimamiñeko koban, Arrantzaleen Museoan eta Aita Guria Baleontzian, esaterako, ate irekien jardunaldiak egin zituzten.

Lekeitioko Santa Katalina itsasargia
Asteburu hartan museoetan bisitak nabarmen igo zirela azaldu du Jon Ruigomez Euskal Kostaldeko Museoen Sareko koordinatzaileak. “Halanda be, gure asmoa lehenengo asteburu horretan sarea ezagutaraztea zen. Bisitak nabarmen igota be, sareak egiten eta egingo dituen jarduerak ezagutaraztea izan zen helburua”. Euskal Kostaldeko Museoen Sarea ez da itxita dagoen sare bat, izan be, aurkeztu zenetik hiru batu zaizkio. Ruigomezek adierazi legez, “43 hasi ginen, eta 46 gaude orain. Kopuru hori gorantz doa, gainera”.
Hurrengo urratsak
Oraindik aztertzen ari badira be, sareko koordinatzaileak azaldu moduan, “museoetako lagun diren horiei abantailak emon gura dizkiegu, hau da, txartel baten bitartez, sarean dauden museoetan deskontuak izatea, bisita gidatu berezietaz gozatu ahal izatea… Oraindik buruan daukagun gauza bat da eta aztertzen gaudena”. Bestalde, pil-pilean duten beste ideia bat euskal kostaldearen eguna izango den data bat finkatzea edo zehaztea dela azaldu du. Ruigomezek webgunearen barri be emon gura die herritarrei: euskalkostadearenmuseoak.com. “Bertan aurkitu ahal izango dira aurrerantzean egingo ditugun jarduerak eta sarean nortzuk parte hartzen dugun zehazten dugu”.
Jon Ruigomez (Sareko koordinatzailea): «Euskal kostaldea marka bezala saldu gura dugu»

Mugak apurtuta euskal kostaldea marka hedatzeko asmoz sortu da euskal kostaldearen museoen sarea.
Zeintzuk dira sarearen helburuak?
Gauza da euskal kostaldea hor dagoela; hau da, existitzen dela. Sarearen bitartez, dagoen horri balioa emon gura diogu. Hogei herri baino gehiagoko 43 museotik gora ados ipini gara euskal kostaldea marka bezala nabarmentzeko eta zabaltzeko. Lehenik eta behin, beraz, irudi bateratua emotea da gure asmoa, kanpora begira. Barrura begira, ordea, harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea litzateke garrantzitsuena. Bakoitzak dituen beharrak elkarbanatuz, ziurrenik irtenbidea arinagoa izango da.
Zer dela-eta aukeratu duzue momentu hau sarea sortzeko?
Hutsune nabaria zegoelako, muga asko; alegia, muga fisiko eta psikikoak. Hau ez da ez Bizkaia ezta Gipuzkoa be, baizik eta euskal kostaldea, eta orain arte ez zegoen bat be bateratua.
Erraza al da batera lan egitea?
Egia esan, ez da bat be arrunta horrenbeste museok elkarrekin lan egitea, baina krisiak asko lagundu du, eta batera lan eginda indar gehiago daukagu.
Mota desberdinetako museoak zaudete.
Bai, amankomunean dugun gauza bakarra euskal kostaldean kokatuta gaudela da.
Zer nolako oihartzuna izan du sareak?
Oso ondo joan da aurkezpena. Urrun iritsi gara. Gainera, sarearen zabalkundean-eta jende askok galdetu du gugatik. Gure asmoa euskal kostaldearen egun bat antolatzea zen, eta horretarako hainbat jarduera antolatu genituen irailaren azken asteburuan. Lehenengo esperientzia oso ondo joan da, eta ziurrenik euskal kostaldeari zuzendutako bigarren eguna udabarrian egingo dugu. Oraintxe ari gara aztertzen zer egin dezakegun.