Onenentzat sari bereziak, Gernika-Lumotik eta Ondarroatik
Hirugarren urtez, Beldur Barik lehiaketa antolatu du Berdinsareak. Neska eta mutilek emakumeen kontrako bereizketak ikustarazten dituzten adierazpen artistikoak saritzea eta bultzatzea du helburutzat aipatu lehiaketak. Aurreko urteetan bezala, aurten be Ondarroako eta Gernika-Lumoko Udalek sari bereziak emongo dituzte parte hartzaile onenentzako.
Urriaren 31 izango dute parte hartzaileek lanak aurkezteko azken eguna. Denbora tarte horretan, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar izango dute. Hori, baina, bideo formatuan –film laburrak, bideoklipak, lipdubak, dantzak…– egin beharko dute.
12 eta 26 urte bitartekoentzat
Lehiaketan parte hartu gura duenak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 12 eta 26 urte bitarteko herritarra izan beharko du. Hala, horiek guztiek bi mailatan sailkatuta parte hartuko dute; batetik, 12 eta 17 urte bitartekoak izango dira, eta, bestetik, 18 eta 26 urte bitartekoak. Banaka zein taldeka parte hartu daiteke; betibe, gehienez, hiru proiektu aurkeztuz. Lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurkeztutako proiektuak, gainera, 10 minutukoak izan beharko dira. Bestalde, proeiktuak jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali beharko dituzte.
Berdinsareak hiru sari banatuko ditu parte hartzen duten guztien artean. Lehen mailako onenak 1.000 euro jasoko ditu, eta beste horrenbeste jasoko ditu 2.mailakoak. Azkenik, jendearen saria banatuko dute: 300 euro. Azken sari hori bi kategorietan aurkeztutako lanen artean aukeratzen den bati emongo diote.
Sari bereziak udaletan
Dena den, ez dira parte hartzaileek eskura izango dituzten sari bakarrak; izan be, Ondarroako eta Gernika-Lumoko Udalek sari bereziak emongo dituzte. 12 eta 17 urte bitarteko parte hartzaile onenarentzat 500 euroko saria emongo du Ondarroak, eta beste 500 euro 18 eta 26 urte bitartekoen artean gailentzen denarentzat Gernika-Lumok, bestalde, 250 euroko saria emongo du 12 eta 17 urte bitarteko irabazlearentzat, eta beste 250 euro 18 eta 26 urte artean nagusitzen denarentzat.
Horiez gain, Ondarroako Udalak 27 urtetik gorako partaideen artean aparteko saria emongo du: 250 euro. Dena den, Ondarroako Udalaren sariren bat jaso ahal izateko herrian bertan erroldatuta egon beharko du herritarrak. 27 urtetik gorakoek berdintasuna.ondarroa@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte euren proiektuak. 12 urtetik 26 urtera bitartekoek, ostera, jarrera@beldurbarik.org helbidera.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko gainontzeko herrietan sari berezik egon ez arren, hainbatek bultzatu gura izan dute lehiaketako parte hartzea. Lekeition, esaterako, kanpainaren barri eman dute ikastetxe, institutu eta kiroldegian. Izan be, Lekeitioko gazteriari heltzea izan dute asmoa.
TOKIAN TOKIKO SARIAK
Gernika-lumo
12-17 urte. 250 euro.
18-26. 250 euro.
Ondarroa
12-17 urte. 500 euro. Talde lana hobetsiko du epaimahaiak.
18-26 urte. 500 euro.
27 urtetik gorakoak. 250 euroko aparteko sari bat emongo dio Ondarroako Udalak 27 urtetik gorako parte hartzaileen artean gailentzen denari.