Zapatuan ospatuko dute Gernika-Lumon laugarren Euskal Jaia. Festa girorik ez da faltako egunean zehar, baina dena ez da horretara mugatuko, hausnarketarako tartea be izango baita goizean. Hain justu, Independentistak sareko kideek, Gernikako piperberde...

Zapatuan ospatuko dute Gernika-Lumon laugarren Euskal Jaia. Festa girorik ez da faltako egunean zehar, baina dena ez da horretara mugatuko, hausnarketarako tartea be izango baita goizean. Hain justu, Independentistak sareko kideek, Gernikako piperberdeek, mahai-inguru bat antolatu dute independentziaren inguruko eztabaida kalera ateratzeko.
Independentzia, utopiatik errealitatera izenburupean egingo dute kale-tertulia, 12:15etik 14:00etara, Domingo Alegria plazan (Merkatu plazaren aurrean), eta Nekane Jurado, Txutxi Ariznabarreta eta Ander Iturriotz izango dira hizlariak. Piperberdeek azaldu dutenez, independentziaren aurka dagoen lagunen bat gonbidatzea litzateke idealena, baina denbora faltak independentziaren aldeko hiru hizlari izatera behartu ditu. Amaia Uribe kazetariak gidatuko du debatea.
Galderetarako tartea
Karpa txiki batean egingo dute mahai-ingurua, eta jesarlekuak ipiniko dituzte ikus-entzuleentzako. Gainera, galderak egiteko edota nork bere hausnarketa plazaratzeko tartea edukiko dute ikusleek. Jakinarazi dutenez, bestetik, grabatu egingo dute saioa, ondoren zenbait komunikabidetan zabaltzeko.
Txupinaren jaurtiketaren ondoren kale-tertulian parte hartzeko deia egin die Independentistak Sareak herritarrei.