Txapelketarako Audiencek egindako abestia
Berriatuko frontoiak hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo saioa, domekan, 17:30ean. Bost bertsolari igoko dira oholtza gainera, Leire Bilbaoren gidaritzapean. Xabier Enbeita gernikarra eta Iratxe Ibarra markikana-xemeindarra elkarrekin ezeze, Imanol Uriarekin, Inazio Vidalekin eta Jone Larrinagarekin neurtu beharko dira.
Eskualdeko txapelketan sailkatu zen Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako, puntuazioaren arabera. Ibarra, aldiz, zuzenean sartu da txapelketan, 2010. urtea baino lehenago finalista izandakoa delako. Meritu berberagatik izango da txapelketan Ibon Ajuria gernikarra.
2010eko zortzi finalistak be zuzenean izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan; tartean, Onintza Enbeita muxikarra.
Enbeita legez, Ander Elortegi natxituarra (Ea), Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Etxebarriako Joseba Artza Urta eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra be eskualdeetako kanporaketetan lortutako puntzuazioagatik heldu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.
Musika, Audiencek
BaDaGaRa izena jarri diote aurtengo txapelketari, eta Audience musika talde gernikarrak egin du bideokliparen sintonia. Egitura aldetik aurtengo txapelketak barrikuntzarik ez duela izango azaldu dute antolatzaileek.
Finala, ordea, Bilboko Miribillan egingo dute aurten, BECen beharrean. Abenduaren 15ean izango da, 17:30ean. Baina sarrerak gaurdanik eros daitezke
www.bertsosarrerak.eu webgunean.
Busturialdeko bertsolariak:
Xabier Enbeita (1978, Gernika-Lumo)
2008ko eta 2010eko Busturialdeko txapelduna. Bertsolaritza irakaslea da Hezkuntza Arautuan. Gernika-Lumoko Lilibertsoko kidea.
Onintza Enbeita (1979, Muxika)
Kazetaritza ikasketak amaitu eta kazetari moduan ibili da. Bizkaiko txapelketan lehenengoz 1998an parte hartu zuen. Garrikoko kidea izan da.
Ibon Ajuria (1977, Gernika-Lumo)
Ingeles Filologian eta Alemaniar Filologian lizentziatua, eta Atzerriko Hizkuntzako Magisteritzan diplomatua. Irakaslea. Lilibertsoko kide.
Ander Elortegi (1984, Natxitua)
Hezkuntza Arautuan bertsolaritza irakaslea da. Natxituko bertso-eskolako zein Gernika-Lumoko Lilibertsoko kidea da. 2010ko txapeldunordea.
Julen Erezuma (1980, Gernika-Lumo)
Txapelketatik aparte ia bertso-eskolan bakarrik egiten du bertsotan. Lilibertsoko kidea da eta hirugarrenez parte hartuko du Busturialdeko Txapelketan.