BUPen sartzeko eskari formala egitea onartu du Bermeoko Udalak
Bermeoko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan (BUP) sartzeko eskari formala egitea onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek aurkako botoa emon zuten, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskaintzen duena be baloratu beharko litzatekeela iritzita. Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzeko eskari formala egitearena Bermeoko Udalak emoten duen lehenengo urratsa da, eta hurrengo pausoa partzuergoan sartzeko baldintza ekonomikoak eta teknikoak negoziatzea litzatekeela jakinarazi zuen Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek bai udalbatzarrean zein ostean emondako prentsaurrekoan. Hirugarren pausoa BUPen kontseilu orokorrak Bermeoko Udalaren sarrera onartzea litzateke, eta laugarrena eta azkena osoko bilkuran sarrera onartzea. Datorren urtean Lamiarango araztegia martxan hastea dago aurreikusita. Horregatik, Bidegurenen ustez, «partzuergo batean egotearen beharra egongo da, udalak ezingo baitio aurre egin uraren ziklo osoaren kudeaketari». «Aukerarik logikoena» «Busturialdean gaudenez, eskualdeko gainerako herrien modura, partzuergo honetan egotea aukerarik logikoena dela uste dugu», nabarmendu zuen alkateak, nahiz eta Bilbao Bizkaiarena be aztertu duten esan. «Prezio garestiak medio», BUPekin 2010. urtean sinatutako akordioa bertan behera utzi zuen iazko abenduan udalak, nahiz eta hurrengo sei hilabeteetan horrekin jarraitu behar izan duten – hil honetan amaitzen da–. «Ez geunden prest neurriz kanpoko prezio horiek onartzeko». Gainera, nahiz eta prezio horiek negoziatu zituzten, Bermeokoak Busturialdeko garestienak direla aipatu du alkateak. Bidegurenek azaldu legez, «BUPen [...]
Bermeoko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan (BUP) sartzeko eskari formala egitea onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek aurkako botoa emon zuten, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskaintzen duena be baloratu beharko litzatekeela iritzita.
Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzeko eskari formala egitearena Bermeoko Udalak emoten duen lehenengo urratsa da, eta hurrengo pausoa partzuergoan sartzeko baldintza ekonomikoak eta teknikoak negoziatzea litzatekeela jakinarazi zuen Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek bai udalbatzarrean zein ostean emondako prentsaurrekoan. Hirugarren pausoa BUPen kontseilu orokorrak Bermeoko Udalaren sarrera onartzea litzateke, eta laugarrena eta azkena osoko bilkuran sarrera onartzea.
Datorren urtean Lamiarango araztegia martxan hastea dago aurreikusita. Horregatik, Bidegurenen ustez, «partzuergo batean egotearen beharra egongo da, udalak ezingo baitio aurre egin uraren ziklo osoaren kudeaketari».
«Aukerarik logikoena»
«Busturialdean gaudenez, eskualdeko gainerako herrien modura, partzuergo honetan egotea aukerarik logikoena dela uste dugu», nabarmendu zuen alkateak, nahiz eta Bilbao Bizkaiarena be aztertu duten esan.
«Prezio garestiak medio», BUPekin 2010. urtean sinatutako akordioa bertan behera utzi zuen iazko abenduan udalak, nahiz eta hurrengo sei hilabeteetan horrekin jarraitu behar izan duten – hil honetan amaitzen da–. «Ez geunden prest neurriz kanpoko prezio horiek onartzeko». Gainera, nahiz eta prezio horiek negoziatu zituzten, Bermeokoak Busturialdeko garestienak direla aipatu du alkateak.
Bidegurenek azaldu legez, «BUPen kontu-ikuskaritza bat egiten ari dira, eta azken urteetako funtzionamenduari buruzko diagnostiko ekonomiko bat egin dute bideragarritasuna duen aztertzeko».
Bermeoko EAJko zinegotziek, aldiz, aurkako botoa emon dute. Euren iritziz, erabaki bat hartu baino arinago, lehenik eta behin aukeran dauden bi partzuergoen baldintzak aztertu beharko lirateke.