
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LAB sindikatuak jakitera emon duenez, 2011tik 2012ra bitartean 417 lanpostu galdu dira Bermeon. Azken urteotan Busturialdeko eta Lea-Artibaiko gainontzeko herrietan be lanpostuen galera «ikaragarria» emon dela aipatu zuten atzo LABekoek, Gernika-Lumon egindako prentsaurrekoan.
LABen arabera, 2008tik 2012ra bitartean, Busturialdean lanpostuen %16,2a «suntsitu» dute, eta Lea-Artibain %13,5a. Bermeon, esaterako, oro har, 953 lanpostu galdu dira –417 azken urtean–, eta, Gernika-Lumon 750 –123 azken urtean–. Lea-Artibairi dagokionez, bestalde, Lekeition 2008an baino 202 lanpostu gutxiago daude egun, eta Gizaburuagan 193 gutxiago.
Halaber, eskualde bietako langabezia-tasa bikoiztu egin dela baieztatu zuten atzo. Hain zuzen be, 2007ko eta 2011ko 4.hiruhilabeteko datuen arabera, Busturialdean %6,2tik %12,53ra igo da, eta Lea-Artibain, aldiz, %5,3tik %10,16ra.
«Egoera benetan larria»
Eskualde bietako egoera «benetan larria» dela diote LABekoek; izan be, «ezarritako erreforma guztiek enpresei ahalmen guztia emoten die kaleratzeak eta lanpostuen suntsiketa geroz eta errazago egiteko». Gainera, estatua krisia konpondu beharrean aberastasunaren metaketan oinarritutako sistema neoliberala mantentzera begira dagoela diote, «herritar ororen lan eta bizi baldintza guztien gainetik».
Egoera horri aurre egiteko alternatiba batekin dator LAB sindikatua. Hain zuzen be, «ekonomia pertsonen zerbiutzura jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri bat» lortu gura dute LABekoek. Jakin badakitea «bidea erreza ez» dela izango, eta goizetik gauera ez dela lortuko, baina langileen euskal herria izango denaren oinarriak jartzen hasi beharra dagoela dio LABek.
Horrez gain, «erreformak indargabetu eta Euskal Herriko lanpostuak eta lan-harremanak babestu beharra» ikusten dute. Izan be, orain arte herrialdeko lan hitzarmenen bidez, sektore bakoitzean langile guztien gutxieneko baldintzak arautzen baziren be, egun «hori be kendu» dutela salatzen dute LABekoek.
Horregatik, LABek uste du eusjal langileriak ezinbestekoa duela lan harremanak berak erabakitzea, gutxieneko lan baldintzak ezarriz. Hori posible egin dezakeen marko sektoriala egitea proposatzen du LABek: «egingarria da eta hori bultzatzera goaz».
Auto karabanak martitzenean
Marko sektorial hori eskatzera kalera aterako dira LABekoak datozen egunetan. Hala, Ondarroan eta Gernika-Lumon 09:30etik aurrera kotxe karabanetan aterako dira datorren martitzenean.