Euskara planerako laguntza hartuko dute sei enpresak
Gernika-Lumoko Udaleko euskara zerbitzuak jakinarazi duenez, herriko sei enpresak dirulaguntzak jasoko dituzte euskara plana gauzatzeko. Udalak berak be 12.000 euroko aurrekontua bideratu du horretarako. Enpresa horietako Euskara Planen aurrekontu osoa...
Gernika-Lumoko Udaleko euskara zerbitzuak jakinarazi duenez, herriko sei enpresak dirulaguntzak jasoko dituzte euskara plana gauzatzeko. Udalak berak be 12.000 euroko aurrekontua bideratu du horretarako.
Enpresa horietako Euskara Planen aurrekontu osoa 166.220 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik, guztira, 46.812,56 euro hartuko dituzte sei enpresa horiek. Gernika-Lumoko Udalak, bere aldetik, 12.000 euroko aurrekontua zehaztu du plan horiek laguntzeko.
Laguntza horiek kontuan hartuta, euskara plana garatzen ari diren sei enpresa horiek 107.407,44 euroko kostua hartu beharko dute euren gain.
Euskara Planak laguntzeko 32 eskabide jaso ditu aurton aldundiak; eskabide horien artean dira Gernika-Lumoko sei enpresak egin dituztenak: Argi-ola elektrizitatea, Bengozarra eraikuntza metalikoak, Busturialdeko irrati telebista, Cumenager, Ekin/Bizkargi autoak eta Gernika garbiketak enpresek, alegia.
Bizkaia osoan egin diren eskabideen %18,75a Gernikako enpresek egin dute, eta hori «pozgarria» dela dio udalak: «Euskararekiko duten atxikimenduaren adierazgarri da».
«Eredu apartak»
«Geure berbie euskaraz hitzarmenagaz bat egin duten herriko 54 enpresa txiki eta ertainetatik, planak dituzten sei enpresa horiek eredu apartak direla aipatu du udalak, euskara lan-munduan normalizatzeko.
Bestalde, Ajangizko Maier enpresaren kasua azpimarratu dute: «Ez da Gernikakoa, baina multzo horrekin bat egiten du eta bere ahalegina eta atxikimendua gehitu behar dugu».