Urtekari ornitologikoa egingo du aurten Urdaibai Bird Centerrek
Urdaibai Bird Centerretik proiektu barri bati hasiera emongo diote aurton; hain zuzen be, urte osoan zehar bildutako datuak baliatuta urtekari ornitologiko bat egingo dute.
Jakinarazi dutenez, borondatezko lanean eta partaidetzan oinarrituta egongo da urtekaria eta urte osoko lanak hartuko dituzte kontuan: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak.
Hain zuzen be, parte hartzaileek urte osoan zehar hartzen dituzten hegaztien behaketa interesgarriak, gertakari ornitologikoak eta abarrekoak bilduko ditu Urdaibai Bird Centerrek. Behin datuak eskuan, horiek landu eta beste hainbat daturekin osatu eta egiaztatu beharko dituzte, argitaratu aurretik.
Proiektu barri horretan parte hartzen dutenek honako ezaugarria hauek azaldu beharko dituzte, ezinbestean: espeziea, behaketaren data, kopurua, lekua eta behatzailearen izena.
Urdaibai Bird Centerrekoek azaldu dutenez, gainera, komenigarria litzateke urte osoan ikusitako guztia apuntatzea eta hilero taula batean zitak bidaltzea; hartara, behaketa guztiak webgunean eguneratu ahal izango dituzte.
Parte hartzen duenak ez du sistematikoki egin beharko; norberak erabakiko du zenbateraino inplikatu gura duen. Bildutako datuak honako helbide honetara bidali beharko dituzte: aranzadi@birdcenter.org.