Gaur bertan ekingo dio Bermeoko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren bigarren faseari. Lehenengo fasean egin moduan, bigarrenean be, lau lan-mahai antolatu dituzte. Horietan, zinegotziek, teknikariek eta herritarrek hurrengo urteetan Bermeon euskararen erabilera sustatzeko lehentasunak zeintzuk izan behar diren aztertuko dituzte. Lehenengo fasean euskararen diagnostikoa egin dute. Lan taldeek egun Bermeon euskararen erabilera zelan dagoen aztertu zuten. Ondoren, lan taldeetatik ateratako lau diagnostikoak Euskara Aholku Batzordeak aztertu ditu ikuspegi orokor bat aurkezteko helburuarekin. Orain, euskararen egoera zein den badakite, beraz, bigarren faseari ekingo diote. Fase horretan, euskararen etorkizunaren nondik norakoak zehaztu gura dira Bermeoko Udaleko Euskara sailetik aderazi legez. “Bermeon datozen bost urteetan euskara erabiltzeko eta entzuteko zer egin behar den jakin gura dugu”, diote. Oraingoan be, lau lan-mahai egingo dituztela zehaztu dute, eta egun desberdinetan bilduko dira Gizarte eta Kultura Etxean 19:00etatik 21:00etara: Familia, transmisioa, euskalduntzea eta etorkinak: gaur. Gazteak: barikuan Aisia, kirola, kulturgintza eta teknologia barriak: ekainaren 12an. Lan-mundua eta komunikabideak: ekainaren 13an.
Mendizaleek ondo pasatzeko aukera edarra izango dute hilaren 17an. Hain zuzen, Morgako Baseliza Ibilaldia antolatu dute morgatarrek hirugarren biderrez, eta dagoeneko, izena emoteko epea zabaldu dute. Izena aurretiaz emoteko epea hilaren 13an zarratuko dute. Izena emoteko, udaletxearen web orrialdean dagoen inskripzio orri bat bete behar dute interesatuek, eta ostean, 10 euro sartu beharko dituzte Ipar Kutxaren kontu korronte baten. Probaren egunean be izena emoteko aukera izango dute mendizaleek, gehienezko parte hartzaile kopurua gainditu ezean. Martxan parte hartzen dutenek herriko zortzi baselizak bisitatzeko aukera izango dute.
Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek (EAJ) egindako adierazpenak ukatu dituzte herri horretako ezker abertzaleak eta EAE-ANVk, agintaldian egon zenean azken alderdi horrek kudeaketa gardena eta zentzuzkoa egin zuela esanez. Bada, gauzak argit...