Eskualdeko biztanleek 3984 hitzordu eskatu dituzte mankomunitatean, 2011n
Azken urteetan krisi ekonomikoan murgilduta bizi da mundua, eta eskualdean be, ez da kontrakoa gertatzen. Beherakada ekonomikoaren erruz, herritarrek iraganean baino arazo gehiago dituzte egunerokotasunari aurre egiteko, eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean arazo horien berri izaten dute urtero.
Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, eskualdeko biztanleek 3984 hitzordu eskatu zituzten 2011n. Datua 2010eko hitzordu kopuruagaz alderatuz gero, iaz 400 biztanle gehiagok eskatu zuten aholkua edo laguntza, eta horrenbestez, “igoera nahiko esanguratsua” dela deritzote mankomunitateko beharginek.
Mankomunitatera aholku edo laguntza eske doazen pertsonen kopuruak gora egiteko bi arrazoi egon direla diote gizarte zerbitzuko beharginek: “krisia eta adineko pertsonen egoera”.
Azaldu dutenez, krisia dela eta, “herritar gehiago” joan dira laguntza ekonomikoei buruzko informazioren bila, eta laguntza jaso dutenen kopuruak be gora egin du. Hain zuzen, 921 familiak jaso zuten diru-laguntzaren bat 2011n.
Adineko biztanleei dagokionez, bestalde, iaz 110 herritarrek jaso dute etxez etxeko laguntza. Zerbitzu hori, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzenduta dago, eta gorakada handia izan duela nabarmendu dute Mankomunitatetik.