Iñaki Madariaga: «Nire aurkako jazarpen politikoa baino ez dago»
Errigoitiko alkate Iñaki Madariagak epailearen aurrean deklaratu du gaur goizean iazko udal hauteskundeetan, ustez, «errolda faltsuak» egiteagatik. Epailearen aurrean egindako deklarazioa «oso laburra» izan zela esan du akusazioaren abokatu Jone...
Errigoitiko alkate Iñaki Madariagak epailearen aurrean deklaratu du gaur goizean iazko udal hauteskundeetan, ustez, «errolda faltsuak» egiteagatik. Epailearen aurrean egindako deklarazioa «oso laburra» izan zela esan du akusazioaren abokatu Jone Goirizelaiak. Besteak beste, beraren aurkako «jazarpen politikoa» baino ez dagoela adierazi du bertan. Gainera, Goirizelaiak adierazi duenez, Madariagak egindakoa «delitua ez» dela esan du deklarazioa egiterakoan.
Akusazio partikularrak egin behar zituzten galderei ez ziela erantzungo esan du Madariagak, Gernika-Lumoko epaitegian. Hain zuzen be, akusazioak 40 bat galdera egin ditu, baina Errigoitiko alkatea ez du inolako erantzunik emon.
Bere abokatuak egindako galderei erantzuna emonez «azalpen gutxi batzuk» egin dituela azaldu du Goirizelaiak. «Hauteskunde egunean ez zela propagandarik banatzen ibili esan zuen, baina guk hori hala zela egiaztatzen duen grabazio bat dugu», aitortu du akusazioaren abokatuak. Hala, jazarpen politikorik ez dagoela argi geratzen dela dio.
Halaber, Goirizelaiak jakinarazi duenez, «alkatearen etxean lau pertsona erroldatuta daude, eta ezin izan du horiekin duen harremana azaldu; ezta zergatik dauden bertan erroldatuta be».
Orain, akusazioak epaileak eskatutako proba guztiak aurkeztu beharko ditu; hala, besteak beste, lekukoek deklaratu beharko dute, eta kereilagaz batera aurkeztutako bideoak ikusi beharko dituzte.