Hamasei plaza, euskal presoen giza eskubideen alde
Mutrikuko, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko plazak jendez bete zituzten zapatuan. Izan be, Herrira mugimenduak antolatutako Gozen Plazara! ekimenagaz bat egin eta, «euskal presoen Giza Eskubideen errespetua» eskatzera kalera irten ziren hainbat herritar.
Guztira, 16 plazatan batu ziren herritarrak «eskubide urraketarik gabeko eszenatokia» gura dutela aldarrikatzeko; hain zuzen be, Giza Eskubide guztiak errespetatuak izango diren agertokia eskatu zuten.
Euria ez zen oztopo izan egun hartan kalera ateratako ehunka lagunentzat. Herrirako kideek azaldu dutenez, Ondarroako Itsasaurre plazan batu zen jendea gehiena; izan be, 420 lagun bertaratu ziren. Munitibarren, bestalde, 50 lagun bildu ziren; Lekeition 400, Markina-Xemeinen 300 eta Mutrikun 160. Busturialdeari dagokionez, ostera, Gernika-Lumon 160 bat elkartu ziren, eta Bermeon 100 bat. Besteak beste, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatu zuten horiek egunean zehar. Era berean, euskal jendartearen gehiengo zabalak eskatzen duen norabidean urratsak emon eta kartzela politika aldatzeko garaia dela esan zuten. Hala, «salbuespeneko neurriak deuseztatu eta konponbideari eta bakeari ateak parez-pare zabaltzeko momentua» be badela uste dute Herrirako kideek.
Orain, «kaleak betetzen jarraitu» beharko dute; «aro berriari leihoak zabaldu eta aulki hutsik bako Euskal Herria ezagutzeko».