DNA frogak hartuko dituzte, Santimamiñetik ateratakoekin alderatzeko
Santimamiñeko koban berreskuratutako giza gorpuzkietako DNA gaur egungo biztanleen DNAgaz erkatu gura dute zientzialariek. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Biomics taldeak aztertu ditu Agiriko arkeologoek berreskuratutako aztarnak. Hain zuzen, Kortezubiko koba horretako giza gorpuzkien amaldeko leinua zein den zehaztu dute genetistek.
Horretarako, DNA laginak hartuko dituzte domeka honetan Busturialdeko lau herritan: Kortezubin, Gautegiz Arteagan, Ereñon eta Nabarnizen. 100 familia nukleoren laginak batu gura dituzte, gutxienez, «bateragarritasunik dagoen ikusteko». Santimamiñen batutako aztarnetatik ateratako DNArekin alderatzeko, gainera, DNA mitokondriala batu gura dute. «Amaren partetik bertoko familia dutenen laginak behar ditugu, familia-nukleo ezberdinenak».