Errigoitik «duena baino alkate hobea» merezi duela salatu du Bilduk
Errigoitik «duena baino alkate hobea» merezi duela salatu du Errigoitiko Bilduk, beste batez. Maiatzaren 21ean Iñaki Madariaga alkateak Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu beharko du erroldatze faltsuen gaineko azalpenak emateko, eta, egun hori ailegatu bitartean, Bilduk hainbat ekintza egingo ditu alkatearen jarrera salatzeko.
Maiatzaren 22an urte bete igaroko da azken udal hauteskundeak ospatu zirenetik, eta, data horren harira, «agintekeriazko beste urte bat» bizi behar izan dutela salatu gura izan du Errigoitiko Bilduk. Horien ustez, Iñaki Madariaga Errigoitiko alkatearen jarrerak bere horretan dirau, eta, «ez da ezertxo ere aldatu epaileak deklaratzera deitu zuen arren». Era berean, Bilduko zinegotziei ez diela lanerako aukerarik ematen salatu dute.
«Astean goiz bitan baino ezin dugu udaletxean gure lana egin, eta goiz horietako bat zapatua da; beraz, goiz bakarra uzten digu osoko bilkuretara eroango diren gaiak prestatzeko», azaldu dute Bildukoek. baino hori ez dela «gauza barria» esan dute; izan be, «Madariagaren jarrera beti izan da antzerakoa; udala bere ondare pertsonala balitz bezala kudeatzen du bere interesen arabera».
Botoak eskuratzeko asmoz, Madariagak erroldatze faltsuak erabili zituela gogora ekarri dute Bildukoek. «Salatu genuen orduan be, baina oraindik salatzen jarraitzen dugu, badakigulako erroldatze faltsurik ez balego, errigoitiarrok merezi dugun alkatea izango genukeela». «Kudeaketa gardena» egin dezan eskatu dio behin eta barriro Errigoitiko Bilduk alkateari, baina zertan ari den jakitea ez dela erreza aitortu dute.
Bestalde, Bildukoek adierazi dutenez, «epaileak urte beteko kartzela zigorra ezarri dio herriko alkateari». Hori horrela bada be, alkatearen jarrera ez dela bat ere apaldu baieztatu dute.
Egoera horren aurrean, Bilduk maiatzaren 21era bitartean egingo dituen ekintzetan parte har ditzaten eskatu diete herritarrei; «isilik ez geratzeko, eta Iñaki Madariagak Errigoitiri egindako iruzurra salatzeko», eskatuz. Izan be, Bildukoen ustez, «denon eskubidea da aukeratutako Udala izatea herrian, eta, ez, botereari eustearren egindako lege urraketen gainetik sortutako Udalen menpe egon behar izatea». Horregatik, eta «Errigoitik merezi duelako» lanean jarraituko dutela aitortu dute Bildukoek.