Astrako lanak egiteko aldeko txostena bidali dio aldundiak udalari
Udalak Astran eraiki gura duen Sormen Lantegiak zeresan handia emon du azken hamabost egunetan, baina badirudi giroa baretu egin dela Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren artean. Aldundiak matxoaren 8an Astrako egokitzapen obrak geratzeko lehenengo agindua emon zuen, baina udalak aginduari kasurik ez egitea erabaki zuen, lanekin jarraituz. Zenbait komunikabidetan gaiak oihartzun handia hartu ostean, bestalde, Aldundiak egokitzapen lanekin jarraitzeko baimena emon du azkenean. Hain zuzen, atzo emon zuten baimenaren barri, udalak bialdutako “azken tramitazioak aztertu ostean”. Obrak geratzeko, Astra eraikinaren egokitzapen lanen gaineko informaziorik ez zuela jaso argudiatu zuen Aldundiak, baina Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea ez dator bat. Gaur eguerdian egindako agerraldi baten azaldu duenez, udala Aldundiagaz harremanetan jarri zen eztabaida piztu baino lehenago, eta horrenbestez, lege hausterik ez dutela egin deritzo. “Jaurlaritzak Astra ondare kultural izendatzeko tramitazioa amaitu zuen otsailean, eta orduan, Aldundiagaz harremanetan jarri ginen” dio. Hala, ez du Aldundiaren jarrera ulertzen. Alkatearen berbetan, azken hamabost egunetan komunikabideetan irakurri edo entzun dituzten kritikek ez dute sinesgarritasunik. “Informazio guztia dugu udaletxean, eta gure kontra egin dutenak oker daudela frogatu dezakegu” nabarmendu du Gorroñok. Dioenez, salaketak eta berba gogorrak jasan behar izan dituzte “arrazoi barik”, baina ez dira “probokazioaren jokoan” jausiko. “Horrela ulertzen dute batzuk politika, baina hori [...]
Udalak Astran eraiki gura duen Sormen Lantegiak zeresan handia emon du azken hamabost egunetan, baina badirudi giroa baretu egin dela Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren artean. Aldundiak matxoaren 8an Astrako egokitzapen obrak geratzeko lehenengo agindua emon zuen, baina udalak aginduari kasurik ez egitea erabaki zuen, lanekin jarraituz. Zenbait komunikabidetan gaiak oihartzun handia hartu ostean, bestalde, Aldundiak egokitzapen lanekin jarraitzeko baimena emon du azkenean. Hain zuzen, atzo emon zuten baimenaren barri, udalak bialdutako “azken tramitazioak aztertu ostean”.
Obrak geratzeko, Astra eraikinaren egokitzapen lanen gaineko informaziorik ez zuela jaso argudiatu zuen Aldundiak, baina Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea ez dator bat. Gaur eguerdian egindako agerraldi baten azaldu duenez, udala Aldundiagaz harremanetan jarri zen eztabaida piztu baino lehenago, eta horrenbestez, lege hausterik ez dutela egin deritzo. “Jaurlaritzak Astra ondare kultural izendatzeko tramitazioa amaitu zuen otsailean, eta orduan, Aldundiagaz harremanetan jarri ginen” dio. Hala, ez du Aldundiaren jarrera ulertzen.
Alkatearen berbetan, azken hamabost egunetan komunikabideetan irakurri edo entzun dituzten kritikek ez dute sinesgarritasunik. “Informazio guztia dugu udaletxean, eta gure kontra egin dutenak oker daudela frogatu dezakegu” nabarmendu du Gorroñok. Dioenez, salaketak eta berba gogorrak jasan behar izan dituzte “arrazoi barik”, baina ez dira “probokazioaren jokoan” jausiko. “Horrela ulertzen dute batzuk politika, baina hori ez da gure norabidea. Bakeaz eta kulturaz egiten dugu berba, baina zein bake eta zein kultura? irainarenak?” kritikatu du alkateak.
Gauzak horrela, Gernika-Lumoko alkateak hankasartzearen berri publikoki emotea, eta Urdaibairen suspertze ekonomikoa bultzatzen hastea eskatu dio Aldundiari. Udalak ez duela legearen kontra doan ezer egin berretsi du, eta Aldundiak udala kaltetu duela gaineratu du. “Oso lasai gaude pauso guztiak bete baititugu, baina beste batzuk urduriago egon beharko lirateke guzurretan ibili baitira” dio Gorroñok. Legearen kontra doan zerbait eginez gero, udal teknikariek lanak hasteko baimenik ez luketela emongo dio.
Alkatearen berbetan, “Gernika-Lumo gutxietsi du Aldundiak”, martxoan zehar hainbesteko zalaparta atera ostean, fax baten bitartez jakinarazi baitu udalak lanekin jarraitu dezakela. “Lastima da horrelako gai garrantzitsu bategaz azpijokoan ibiltzea, baina amaitu da eztabaida” Gorroñorentzat.
Gernika-Lumoko EAJ, Bilduren kontra
Aldundiaren arrazoi bardinak erabilita, Gernika-Lumoko EAJk be, Bilduren jarrera salatu du asteon Udalak obrak geratu ez zituelako. EAJkoek ohar bidez azaldu dutenez, “Aldundiak kudeatu behar du Bizkaiko ondarea, eta horrenbestez, bertako teknikariek proiektuaren barri ez izatea gertaera oso larria da, araudia guztiek bete behar baitute”.
Modu berean, prozedura administratibo bati “itxura politikoa” emon izana salatu du EAJk. Izan be, Bilduren hankasartzea ezkutatzeko, alkateak “adierazpen politikoak” egin izana kritikatu dute jeltzaleek. “Astra proiektua oztopatzearen arrazoi nagusia Aldundia eta udala kolore politiko bardinekoak ez izatea da” esan zuen Gorroñok adierazpen horietan.
Auziaren kronologia
- 2011ko abenduan, Astra eraikinaren egokitzapen lanak hasten ditu Gernika-Lumoko Udalak. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren kultura sailaren onespena du, eta eraikina Santiago Bidearen Ondare Multzoan sartzeko tramiteak hasten ditu erakunde horrek.
- 2012ko otsailaren 22an, Aldundiagaz harremanetan jartzen dira udal teknikariak. Eusko Jaurlaritzak Santiago Bidearen Ondare Multzoan arma lantegia sartuko duela eta, obrekin jarraitzeko arazorik dagoen galdetzen dute teknikariek. Lehenbailehen erantzuteko eskatzen dute.
- 2012ko martxoaren 8an, Bizkaiko Foru Aldundiaren teknikariek obrak geratzea agintzen dute, udalak bidezko tramiteak egin ez baititu. Egun bardinean proiektuaren kopia bat jasotzen dute aldundiaren teknikariek euskarri digitalean. Gerora, papelean be jasoko dute proiektua.
- 2012ko martxoaren 13, Foru Aldundiak obrak behin behinean geratzea eskatzen du bigarren biderrez.
- 2012ko martxoaren 21ean, proiektuaren arduradunek eraikinaren egitura sendotzeko lanak lehenbailehen hastea erabakitzen dute. Eraikina behera erortzeko arriskua dagoela diote.
- 2012ko martxoaren 23an, egunkari batek Aldundiak obrak geratzea agindu duela zabaltzen du. Modu berean, obra teknikariek txosten bat egiten dute, hilaren 21eko erabakia arrazoitzeko.
- 2012ko martxoaren 24an, Gorroño alkatea egunkari baten agertzen da, obrak ez dituztela geratuko esanez.
- 2012ko martxoaren 26an, Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazten dio udalak, proiektuko teknikariek egituraren sendotze lanak lehenbailehen hastea gomendatu dutela. Proiektuaren arduradunak eta Aldundiaren teknikariak batzen dira, eta eskatutako planoak aurkezten ditu udalak.
- 2012ko martxoaren 27an, Juan Maria Aburto Aldundiaren ordezkariak obrak geratzea eskatzen du komunikabideen aurrean.
- 2012ko martxoaren 30ean, komunikazio agentzia batek Aldundiak lanekin jarraitzeko baimena emon duela zabaltzen du, eta Gorroño alkateak baieztatzen du. Modu berean Josune Ariztondo kultura diputatuak Batzar Nagusietan azalpenak emongo dituela jakinarazten du.