Gernika-Lumoko basurdeek Kopako finala jokatu gura dute 21 urte beranduago, baina horretarako, domekako partida erabakiorra irabazi beharko dute. Izan be, Ampo Ordiziaren kontra jokatuko dute finalaurrekoetako bueltako partida, 12:30etik aurrera. Gernikarrek bi puntuko errenta dute, baina finalaurrekoetako bigarren partidan etxetik kanpora lehiatu beharko dira. Hala, ez da norgehiagoka erraza izango bertokoentzat.
Lehenengo partida 14-12 irabazi arren, gernikarrek ez dute erlaxatzeko denborarik izango. Aldea txikiegia da, eta finalerako txartela lortzeko partida irabaztera zelairatu beharko dira jokalariak. Orduan bezala, bueltako partidan be, oreka handia egotea aurreikusten dute taldeek.
Autobusa Ordiziara
Altamirako zelaia Gernika-Lumoko errugbi zalez betetzeko asmoagaz, autobusa jarriko du Urdairack Elkarteak. Zaleak 09:30ean urtengo dira autobus geltokitik, baina aurretik, izena emon behar da. Interesatuek, Basurde Rugby Tabernan emon beharko dute izena. Hamar euro ordaindu behar dira.