Errigoitiko Udalak, Eleizalde auzoan dagoen Santa María de Idoibaltzaga elizaren dorretxea egokitzeko lanak hasi ditu. Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak jakinarazi duenez, “dorretxea egoera txarrean zegoen eta ezinbestekoa izan da egokitzape...
Errigoitiko Udalak, Eleizalde auzoan dagoen Santa María de Idoibaltzaga elizaren dorretxea egokitzeko lanak hasi ditu. Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak jakinarazi duenez, “dorretxea egoera txarrean zegoen eta ezinbestekoa izan da egokitzapenak egitea”.
Beharginek, hasi dituzte egokitzapen lanak eta martxoa baino lehenago lanak amaitzea espero du Errigoitiko Udalak. Madariagak azaldu bezala, “76.000 euro inguru” beharko dituzte dorretxea baldintza onetan uzteko. Egokitzapen lanak egiteko, Udalak 30.000 euro jarriko ditu. Falta den dirua, bestalde Bilboko Gotzaintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko dute.
Alkateak dioenez, “industriguneak herrian utzi duen dirutik ordainduko ditugu 30.000 euroak”. Bere ustetan, Mallukik aberastasuna sortuko du eta diru hori “herritarren onerako” erabili nahi dute.
Egin beharreko lanak
Elizako dorretxearen egokitzapen lanen baitan, beharginek dorretxeko paretetan zegoen landaredia kendu behar izan dute. Horren ostean, arrakalak konpondu dituzte eta barruko eskailera barriztu dute.
Elizako erlojua eta tximistorratza, bestalde, aldatu egin behar izan dituzte. Madariagaren hitzetan, “erabilera galdu zuten, baina egokitzapen lanekin ordularia martxan izatea ahalbidetuko dugu besteak beste”.