20 menuren zozketa, barikuetan, Udal Azokan
Bermeoko Udal Azokaren dinamizazioa bilatu asmoz, Lanbide Hastapeneko sukaldaritza ikastaroko ikasleek egindako menuak zozkatuko dituzte otsaileko bariku guztietan. Azokako erosleen artean egingo dute zozketa, eta bi lagunentzako 20 menu izango dira, hain zuzen, bariku bakoitzean zozkatuko dituzten menuak.
Zuzeneko erakustaldia
Lanbide Hastapeneko sukaldaritza ikastaroko bi ikasle izango dira bariku bakoitzean irakasle batekin. Lanbide Hastapeneko zuzendari Garbiñe Camposen esanetan, «menuak erdi prestatuta eroango dituzten arren, bertan amaituko dituzte eta bertaratutakoek zuzenean ikusi ahal izango dute zelan egiten duten lan». Ikasleek jendearen aurrean lan egiteko esperientzia hartzeko modua ere badela dio Camposek. «Izan be, martxoan praktikak egitera joan behar dira eta esperientzia polita izan daiteke eurentzat».
Lehenengo hiru barikuetan bigarren plater bat eta postre bat izango dira zozkatuko dituztenak. Azkeneko barikukoa, aldiz, berezia izango dela esan dute, eta menu osoa izango da, gainera. Erabiliko dituzten produktuak Udal Azokan erosiko dituzte, horregatik, okela, arraina eta barazkiak erabiliko dituzte menuak egiterakoan, «denetatik apur bat izateko».
Sukaldaritza ikastaroko ikasleak 12:00etatik 13:30era izango dira azokan, eta menuen zozketa azken orduan egingo dutela jakinarazi dute.
Zozketa egiterako orduan aste guztian erosleek egindako erosketak kontuan izango dituztela esan du Barturenek. «Bardin da zer erosten duten eta ez da erosketa minimorik egin behar izango zozketan parte hartzeko. Erosketa bakoitzaren txartelaren atzean eroslearen izen-abizenak eta telefonoa ipiniko dira eta asteko guztiak parte hartuko dute».