Spoiler: futbola ere politikoa da
Ni ez naiz oso futbolzalea. Egia esan, urtean zehar apenas jarraitzen ditut futbol partidak. Baina aitortu behar dut uda honetan ezinezkoa izan dela futbolaz ez entzutea edo hitz egitea. Mundiala gora, mundiala behera. Porrak, faboritoak, sailkapenak, ordutegiak… Futbola nonahi dago.
Baina futbolaren inguruan baino gehiago, bada aste hauetan behin eta berriz entzun dudan esaldi bat, eta egia esan, amorru puntu bat ere eman dit: “ezin da sartu poltika denean, kirola ez da politikoa”.
Baina spoiler bat egingo dizuet: futbola ere politikoa da.
Mundiala bezalako txapelketa batean, ez dira soilik hamaika jokalari zelairatzen. Banderak ateratzen dira, ereserkiak jotzen dira, estatuak ordezkatzen dira eta nazio-identitateak eraikitzen dira. Horregatik, zaila egiten zait ulertzea nola esan daitekeen kirola eta politika modu isolatu eta bereiztuan doazela. Mundiala bera estatuen arteko lehiaketa da, beraz, politikatik urrun dagoela esatea, bere izaera bera ukatzea da.
Izan ere, zutabe honen eztabaida ez dago mundialaren izaeran, baizik eta jokatzeko aukerarik ez duten estaturik gabeko nazio ukatuen selekzioetan baino. Berriro ere, euskal selekzioak ez du Mundialean parte hartzeko aukerarik. Argi dago futbolari faltagatik ez dela, hauek, Espainiar Selekzioarekin jolasteko behartuta baitaude. Arrazoia, nola ez, politikoa da. Euskal Herriari, nazio gisa aitortzea ukatzen zaion bitartean, nazio gisa lehiatzeko aukera ere ukatzen zaio.
Horregatik egiten zait hain bitxia “kirola ez da politikoa” entzutea. Esaldi horrek, ez du politika futbolatik bereizten, kontrara, dagoen gatazka politikoa ezkutatzen du. Azken finean, eztabaida ez delako futbola ala politika. Eztabaida da nork duen bere burua nazio gisa ordezkatzeko eskubidea eta nori ukatzen zaion aukera hori. Eta hori ez da zelai barruko auzia. Hori, gustatu ala ez, politikoa da.
Eta bai, litekeena da ostiral honetan berriro ere herriko tabernak futbolzalez beteta egotea. Litekeena da zure lagunak Espainiako selekzioaren golak ospatzen aritzea, lagun arteko porrak irabaztea eta, nola ez, Espainiako ereserkia beste behin entzutea. Baina, mesedez, ez dezatela gero esan futbola ez dela politikoa. Euskal selekzioak mundiala jokatzeko aukerarik ez duen bitartean, hori esatea errealitateari bizkar ematea baita.