San Kristobal eskean
San Kristobal egunez argitaratuko da idatzi hau, gidarien eguna eta gure eskualdean jai egun polita leku bat baino gehiagotan, Lekeition eta Munitibarren, Oiz mendian, esaterako. Ikusiko ditugu garraiolariak euren kamioiak galaz jantzita, lore sortak ipinita, pozarren eta lanbideaz harro, euren zaintzailearen egunean. Gidari guztien zaindaria danez, izango da hondeamakina eta txilindroen bolanteak hartzen dituenena be, jakina.
Ba azken aldion beste ogide batzuetan diharduen profesionalak ikusi ditugu holako makina astun eta sendoak gidatzen: kazetariak, politikoak, abogaduak eta epaileak gehienbat. Batzuk hondeamakina gidari, zulo erraldoi bat egin eta bertan euskera lurperatzeko hamaikagarren ahaleginean. Beste batzuk txilindroekin, behin lurra gainera bota eta gero, dana leun, txukun eta euren gustura geratzeko moduan izteko. Dana, USaPeko euskera azterketetako zero patateroen harira. Familien eta hezkuntza zentro batzuen kontzentrazinoak, informazino pozoitu ugari hedabide batzuetan, euskerari kariño larregi ez deutsien politikarien adierazpenak, abogadu bufeteen lana eta epaileen ebatzi harrigarria: USaPeko euskera azterketetako emaitzak ez hartzeko kontuan unibertsidadeko matrikulazinoetan, barrikusi eta gero be.
Anabasa galanta, dana etorri da bata bestearen atzetik eta egia esan nahiko ahozabalik bizi izateko modukoa izan da. Pelikula surrealista bat emoten izan dau, baina beste askotan legez, errealidadeak fikzinoa gainditu dau. Nahiz eta emaitzak kazkarragoak izan beste ikasgai batzuetan, euskera ipini da jopuntuan barriro, txarrerako. Euskeraren normalizazinoaren alde egiten dan lan itzela kakaztuta geratu da di-da batean, eragile ugariren parte hartzeagaz. Sakonean, mezu arriskutsua zabaldu izan da: “euskerak ez dau ezertarako balio”. Eta irudipena daukat mezu hori geratzeko etorri dala, aurre egin beharreko beste zangotraba bat hor izango dogula.
Egongo dira eta badagoz argitzekoak eta hobetzekoak, auzi zehatz honetan zein hezkuntzan orokorrean, eta honek balio deiskula etxerako lanei ekiteko. Baina edozein aitzakia ezin da erabili hondeamakinak eta txilindroak atara eta euskera zulora botateko, ia atzera bueltarik ez daukan mina eraginez. Holan ba, nahiz eta normalean Agate Deunaren bezperan ibilten garen Santa eskean, nik gaur San Kristobaleri egingo deutsadaz nire eskariak: bizi dogun egoera honen aurrean ekarri deiskuzala kamioikadak pazientzia, indar, ilusino eta adore, danak beharko ditugulako eraso eta eragozpenei aurre egin, hobetu beharrekoak hobetu eta euskeraren normalizazinoan aurrera egiteko lanean jarraitzeko.