PASILEKUAN JOKOAN DAGOENA
Uda iritsi da, eta harekin batera Pasilekuko txapelketak. Baina aurten, kirolaz harago, beste partida bat ere badago jokoan: Pasilekuaren etorkizunarena.
Urte luzez, inork jokatu nahi izan ez duen partida izan da: Liburutegia eskola zaharretan egiteko aukera 2008tik egon da zelai gainean, baina baloia ez du inork mugitu. 2014an prozesu parte-hartzaile bat egin zen, baina haren ondorioak bazterrean geratu ziren, inork sakea atera gabe. 2025eko apirilean, ordea, gazte asanbladak gaztetxe zaharra berreskuratu zuen, eta badirudi albiste horrek urduri jarri zituela politikari batzuk. Hor hasi zen partida. Izan ere, ez da kasualitatea urteetan geldirik egon den proiektua orain bizkortu izana. Hor dago auziaren benetako dimentsio politikoa: instituzioen eta alderdi politikoen kontrolpetik kanpo dagoen gaztetxe baten existentzia.
Aurrekontuak onartu zituztenetik, partida bizitu egin da. Denborak erakutsi du gaztetxearen aldeko babesa zabala dela eta Pasilekuko obrek herriko hainbat eragileri ere kalte egiten dietela. Pasileku Egunak hori berretsi zuen. Bien bitartean, udal gobernuak bere jarrera oldartu besterik ez du egin azken asteetan: Gaztetxearen sarraila aldatu eta legez kanpoko desalojo saiakera abiatu zuten; udal bilkuran gazteei hitza ukatu zieten; eta alkateak argi utzi zuen obrekin aurrera egin eta gaztetxea desalojatuko duela, negoziatzeko inolako borondaterik gabe.
Markagailua ez ezik, partidaren kontakizuna ere kontrolatu nahi dute. Liburutegia herriaren lehentasuna dela errepikatzen dute, baina entzungor egiten diete bai Bekoibarrarako proposatu den alternatibari zein Pasilekuaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesu berri bat egitearen eskaerari. Gorroñok kontakizuna markatzen du; gainontzeko alderdiak, isilik edo ezikusiarena eginez, horren konplize dira. Bitartean, lehia elektoralean ari dira. Nor bere burua herriaren lehentasunen ordezkari gisa aurkeztu nahian. Baina zein dira, benetan, herri baten lehentasunak?
Nahikoa da munduari begirada bat ematea gaztetxeek herriz herri duten garrantziaz jabetzeko. Miseria, gerra hotsak eta ideia faxistak hedatzen ari diren honetan, eta horri aurre egiteko eskaintzen diguten “ezkerra” kapitalismoaren dinamikan gero eta integratuago dagoen honetan, gaztetxeak ezinbesteko kontrapisua dira. Gaztetxeek gazteen kontzientziazio eta aktibazio politikoa sustatzen dituzte; kultura ulertzeko eta egiteko beste modu bat eraikitzen dute; euskararen erabilera indartzen dute; eta jarrera matxista, homofobo zein arrazistarik gabeko harreman eremuak bultzatzen dituzte.
Partida gaztetxearen eta liburutegiaren artekoa dela sinestarazi nahi digute. Baina hori da tranpa. Benetako partida sistema errotik aldatu nahi dutenen eta bertan leku bat izan nahi dutenen artekoa da. Partida hori gaztetxetik eta Pasilekutik haratago ere doa. Beraz, ez dezatela zalantzarik izan: gaztetxearen “catenaccio”-ak irmoa izaten jarraituko du. Asko da jokoan dagoena.