'Obradamus'
Gaztaina eta intxaurrondoak jori omen dabiltza, aspaldion, fruituak ematen. Berri ona da hori. Udazkena izaten da haien kimu sasoia eta, koko harren bat medio, azken urteetan ez dira oso emankor ibili. Bada, landa eremuan, herri pentsaera orokortu bat zeinak bi landareon ernatze aldia, etorri daitekeen denborale bortitzaren iragarpentzat hartzen duen. Gaztaina eta intxaurren ugaritzeak negua gorria izango dela pronostikatzen omen du, hilabete gutxi barru, hotzak hartuko duela inguruetako izkina bakoitza.
Nik beste gertaera iragarle bat txertatu nahiko nuke jendartearen iruditerian, hala ez badago jada: edozein herri obraz betetzen bada, hauteskundeak hurre dauden seinale. Legegintzaldi osoan zehar ezer egin ez duen espezie endemikoa da alkate obrazalea. Lau urteko kate trofikoa amaitzen doakionean, kaleetako harlauzen ertzak usnatzen hasten dena, argirik gabeko farolak miazkatzen, presa bihurtu dezakeen edozein jubilaturen bizkarrera igo eta txarto asfaltatutako errepide berriak bilatzen. Ugaltze prozesua azkarra izaten da: umeen jolas parke bateko estalpe bat hor, erdizka eginiko eskailera mekaniko batzuk han… ez dago arrautza asko otzara ezberdinetan jartzea baino hoberik, dena eder egon dadin egun handirako.
Eraikuntza lanen esleipenak nora bideratzen diren alde batera utzita (denok gara lagunen lagunak eta atzamarrek dohaiek baino gehiago agintzen dute) modus operandi horren atzean dagoenak kezkatzen nau bereziki. Irudiaren bueltan eraikitako jendarte batean bizi garen heinean, une oro bulkadak jasotzen goazela eta, gure garuna informazio azkarrera doitu da. Politikagintza marketing kanpaina erraldoi bilakatu zaigu, eta egietatik baino begietatik konbentzitzen gaituzte. Patroia argia da: une egokian agertu, egin zarata, eman dezala mugitzen zabiltzala eta bermatu presentzia bat maite edo gorroto zaituztenen mingainetan. Bazaude, beraz, bazara. Hemen ez du beste ezerk inporta. Hainbeste jaitsi dugu muga ezen agintariei ez diegula exijitzen arazoak konpondu ditzaten, nahikoa zaigu azalekoa bermatzearekin. Gehientsuenetan, egun batetik bestera burututako ekintza hauek, hauts eta lohi hondarrak alfonbra azpian ezkutatzeko izaten dira. Herrian ez dago gurasoak umeekin egoteko leku publiko duinik, baina begira ze koloretsu lorategiak, gazteek ezin dezakete etxe bat erosi haien jaioterrian, baina ze estatua polita egin dioten ez dakit zeini, denda txikien egoera gero eta kaxkarragoa da, baina kalean zehar hari musikal bat daukagu elkar maitatzeko…. Obraz betetako herriak ez gaitu soilik letorkeenaz ohartarazten, baita daukagunaz ere. Egongo da, agian, lau urtean behingo aldamioekin konformatzen denik, baina hori ez da herri baten kalitate ezaren isla baino.
Naturak, sarri, mezuak igortzen dizkigu, zerbait esan nahiean ibiltzen da. Apokalipsi dei horiek deszifratzea dagokigu guri. Bitartean, jarrai dezagun hemen, intxaur eta gaztainak jaten, ea negua heltzean, haize zurrunbiloren batek aurretik eramaten dituen eraikitzeke dauden adreilu, zementu, altzairu zein oholak eta, bide batez, gu haien atzetik.