Nork esango zidan hau gertatuko zitzaidala…
Seguru denok daukagula pentsatzen hasi ezkero gurasoak medikuak izan eta bera ere mediku den lagunen bat, edo gurasoak irakasle izan eta bere irakasle den besteren bat. Are gehiago, gurasoei bidaiatzea gustatu eta berari ere gustatzen zaionen bat ere edota gurasoak izatez erdi xelebreak izan eta bera ere antzeko samarra dena. Nolako zura, halako ezpala.
Baina nik uste dut hau haratago doala. Zergatik izan ohi gara guraso, neba-arreba edo aitona-amonen antzekoak? Ni ondorengo esamoldearekin adosago nago: Zer ikusi, hura ikasi. Txiki-txikitatik hasita gainera, ikusten duguna errepikatzen edo imitatzen dugu. Eta gero eta nagusiago, nahiz eta pixka bat filtratu, errepikatzen eta imitatzen jarraitzen dugula esango nuke.
Horregatik, normala ikusten dut gurasoak mediku badira seme-alabak ere mediku, erizain edo sanitarioak izatea. Eta normala ikusten dut abeltzaina denak bere bizian zehar abereekin lotura hertsia izan duelako aukeratu izana ogibide hori. Salbuespenak salbuespen, ez dut uste Madril erdi-erdian beti bizi izan denak abeltzain izateko asmorik izaten duenik.
Nire ustez hor dago gu eta naturaren arteko konekzio faltaren arrazoi nagusienetako bat. Gaur egungo populazio gehiena hiri handietan bizi da, lan gehienak bulegoetan edo leku itxietan dira eta aisialdiko denbora gehiena telebista, Netflix edo sare sozialetan pasatzen dugu. Nola izango da ba horrela natura gure prioritatea?
Nik neuk diotsuet esperientziatik: hiri handi batean bizi naizelako, bulego batean lan egiten dudalako eta sare sozialetako adikzioa kendu nahietan nabilelako. Nork esango zidan… Nik neuk nabaritzen dut horrela zailagoa dela.