Natxi Aranburu: "Zergatik deiadarka?"
Urriaren 21a ere joan zitzaigun. Akabo mitinak, eskaintzak… baina deiadarren zorruna oraindik belarrietan sumatzen da. Oratoriaren trikimailuak jakinda aterako plazetara, telebistaren aurrera, ekitaldi masiboetara seguruenik, baina zergatik deiadarka? Kezkagarriak dira hauteskunde aurreko egunetako oihuak, deiadarrak, eufemistikoki mitinak. Baina zer dela eta? Nori egiten zioten errieta! Zergatik zeuden haserre? Beharbada ez zeuden haserre, hala ematen zuen arren; akaso konbentzimentua edo autoritatea adierazoteko teknika izango da.
Ulergaitza da beneten ere. Arenga baten ulergarria litzateke, baina –ustez– jendeari, herritar arruntei zuzentzen dira; batez ere oraindik norekin joan erabaki ez dutenei. Etxekoei, afiliatuei ez ziren agirika ariko, hauek oihulariaren etxeko baitziren eta hauena ziur baitzegoen; etxekoen zeregina beste batzuek konbentzitzea litzateke eta, beraz, lanera mugi daitezen animatzeko ez da modurik eraginkorrena lanean ipintzeko zarataka hastea, izutzeraino. Oihu neurriz kanpo eginaz, eztarria derrigortuz ahotsa Zañartu egin ohi da eta ahots zakarrez publikoaren aurrera joatea oso itsusia da, pena hartuko dute entzuleek eta haren atzetik joateko dudan jarriko lirateke. Pertsonalki ere eztarriaren urratuek mine mango die, barregari nabarmen geldituko dira eta deseroso hurrengo egunean ere plazara atera eta eztarriko minez jendearengana hurbiltzeko.
Zergatik egiten dute azalpenak ematerakoan oihu mitinlariek, orduan? Gaixotasun hau sindrome preelectoral edo hauteskunde aurreko birus legez sartu beharko ote dute osasungintzaren adituek? Umeekin ez du funtzionatzen eta helduekin, pentsa: norbait aldarrika hasten zaigunean guardia jartzen dugu instintiboki haren aurrean, nahiz eta arrazoia duela jakin. Hauek, ordea, boz zaratatsua eta oldarkorra hautatu dute jarraitzaileak bereganatzeko, egun bateko jarraitzaile zintzoak bereganatzeko. Gainera aurpegi iluna jartzen digute.
Holakorik! Zertarako eta norberaren eskubidea izaki, eurei transferitzeko gutasunaren apur bat. Benetan ere ulergaitza! Haserre berba egiten digutenean, ospa ere egiten dugu askok eta hauek, ostera, aurpegi ilunez mintzo zaizkigu hauteskunde bezpera bueltan euren kausarako jendea irabazi guran. Mitinena arraroa da erabat.
Komunikazioan adituekin prestatzen ei dira oihukalariok, eta hauek “bestearen lekuan jartzea”, enpatia bideratzea, asertibotasuna xedetzat izatea eta holakoak aholkatzen dituzte eta zeregin horretarako zarata egitea ez dela egokiena aipatzen dute, azpimarratzen dute, hobesten dute. Non dago tranpa?
Salbuespen bat gainditu da, hala ere, urriaren 21aren aurretiko egunetan: Mintegi anderea. Gaitzerdi! Horrela antzeman eta aitortzen zuten tertulietan irabazpidea duten horiek; estilo desberdina erakutsi eta iraskasten zuela; goxoa, leuna… Laburbilduz, ez zuela aurpegi ilunik jartzen eta ez zela oihuka zuzentzen jendeari. Bada zerbait.
Eta gobernu postuetara iristerakoan berauek praktikatzen dutenaren aurkakoa predikatuko digute; hau da, denon artean arazoak hobeto konpontzen ditugula, hurkoa errespetatu egin behar dugula, liskarren konponbiderako edo konfliktoen erresoluziorako iseka egitea edo barregarri aurkaria uztea ez dela egin behar, ekidin egin behar direla horrelakoak… Hauteskunde garaia hurbiltzean, ordea, oihulariok eta politikari ofizalok aurkaria barregarri uzteko ahalegina egin ohi dute; zenbat eta ziria barrurago sartu, emaitzak hobeak izango direlakoan. Oihuka eta irainka.
Demokraziaren “gailurraren unera” deitzen gaituzte, bozkak ematera animatu gura gaituzte, beraien alde egiteko eskea egiten digute. Baina horretarako haserre plantak egin behar ete dira, bada? Etsaia ridikuloan utzi behar ete da? Iseka eta burla ete dira jolas horretarako osagairik preziatuenak? Hori ez da normala.