Guztiona ez den uda
Iritsi da azkenean hainbestek eta hainbestek itxaroten genuen sasoia: hemen da uda! Ez dit ilusio handiegirik egiten urte sasoi honetan egiten duen beroak, eta are gutxiago, bero horrek datozen asteetan lo orduak lapurtuko dizkigula jakiteak; azken egunak nazkagarriak izan dira. Oraindik etxea hoztu ezinda jarraitzen dugu gurean.
Baina tira, zerbait berezia badu udak niretzat. Eguneroko errutinatik atera eta bestelako gauza batzuk egiteko aukera ematen dit; maite ditut egun luzeak, gogoko dut toki berriak ezagutzea, eta batez ere, Alemaniako familia bisitan etorriko dela jakiteak poztu egiten nau.
Orokorrean gehienoi gustatzen zaigun garaia izaten da. Opor gosez iristen gara hilabete hauetara, eta egun batzuez bada ere, gelditu eta arnasa hartzea funtsezkoa egiten zaigu. Gogoan ditut umea nintzenean udako oporrak hartzeak sortzen zidan zirrara. Bi hilabete pasatxo hondartzan lasai ibili, lagunekin gelditu eta eskolara joateak sortzen zigun ardurari iskin egiteko. Tamalez, ordea, ezin gara guztiok multzo horietan sartu. Denok ez dugu sasoi honetan gozamena sentitzen.
Maiz, jakitun edo kontziente ez garen arren, ume askorentzat, ikasturteak iraun artean eskolan eguerdian izaten duten bazkaria izaten da eguneko jatordu bakarra; edo behintzat, nagusia. Zer gertatzen da txiki hauekin eskolek ateak ixten dituztenean? Educo gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako datuen arabera (Espainiako datuak dira), familia zaurgarrietako milioi bat umek egunean duten jatordurik sendoena galtzen dute udan, 80 egunez.
Besteekin harremandu eta norberaren garapen sozial eta emozionalerako ezinbestekoa da umeentzat, besteak beste, udalekuetara joatea. Hori ere, ordea, pribilegioa izaten da familia zaurgarrietako ume gehienentzat. Gobernuz kanpoko erakunde berak dio, zailtasun ekonomikoak dituzten hamar familitatik zortzitan, umeek ezin izaten dutela udan kanpamenduetara joan, garestiegiak direlako. Eta zer esan oporretan kanpora joateaz… udan bidaiaren bat egiten duten familien %15 pasatxo baino ez dira zaurgarriak. Horrek guztiak beste haurrekiko dituzten desberdintasunak handitu, eta oraindik ere ahulago bihurtzen ditu.
Gehienentzat, hortaz, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko urtaroa izaten da uda; beste batzuentzat, berriz, eguneroko bizitzako arazoak ugaltzen dituen sasoia. Lehen taldekoen artean egoteko pribilegioa baduzu: zorionak eta gozatu! Bigarren taldean bazaude; animo! Nahi nuke egoera krudel hori ahal bezain laster aldatzea, baina aspaldi utzi nion errealitate utopikoetan sinesteari.
Ez dadila, gutxienez, uda klase sozialen arteko desberdintasunak handitzeko aitzakia izan.
Uda on!