Gure jakintza, gure askatasuna
Pasa den astean Bartzelonan izan nintzen. Han igaro nituen bost egun, besteak beste, nire gradu bikoitzeko kazetaritza arloaren gradu amaierako lana grabatzen; batik bat lurralde katalanetan bizi direlako elkarrizketatuak izan(go) direnak.
Publizitate eta harreman publikoei dagokiena edukiz ia bukatuta dut, atontzea falta bazait ere. Azken ukituak. Hortaz, esan genezake lanean murgilduta nabilela eta ezagutzen dudala zertan datzan pisu honetako lan bat garatzeak.
Gaurkoan aipamen berezia egin nahi nieke, eta hauei buruz mintzatzea ere gustatuko litzaidake. Lan hauen mamina praktikoa da, eta praktikotasunak egiten ditu hain baliagarri. Adibidez, gradu amaierako lanetako bat enpresa bati buruz jorratzen nabil, zertzuk hobekuntza egingo nizkiokeen komunikazio planari dagokionez, emango nioken enfokea edo sare sozialetako presentzia aparta izan dadin egiten dizkiodan gomendioak aipatzen ditut bertan, besteak beste.
Marka honen lorratz digitala jarraitu, aztertu, honetaz hausnartu eta arakatu ostean egiten ditut proposamenak. Zama handiko lanak dira, baina, adibidez, nire kasuan behintzat, nire intentzioa behin bukatu eta tribunalaren aurrean aurkeztu ostean enpresari erakustea da, nire nahia bertan lan egitea baita. Aurkezpen gutun bikaina iruditzen zait. Neure curriculuma bidaltzea baino hobea.
Baina GRALetatik haratago, lan praktikoen balioa azpimarratu nahiko nuke gaurkoan. Ikasten igarotzen ditugun urte guztietan, beti ere orokorrean, eta salbuespenak salbu, buruz ikasi behar izan ohi ditugu edukiak, azterketara iritsi eta hauen jakitun garela erakusteko. Aldiz, buruz ikasi, baina ulertzen ez, ezta praktikan zertarako balio diguten ikasten ez baditugu, arin ahazten dituzte gure buruek. Zer esanik ez interesatzen ez bazaizkigu.
Hezkuntzaren porrot handienetako bat hau dela esango nuke. Buruz ikasi, azterketak, notak. Konparazioak. Zenbakiekiko menpekotasuna. Beldurra. Baliagarriagoa deritzot beste kontu batzuk erakutsi izan bazizkidaten, esaterako nola emititu faktura bat, matematikak etxeko ekonomiarekin lotu izan bazituzten (erlazio zuzena baitute) edo emozioak kudeatzeko saioak egongo balira.
Ikasten gabiltzan hori, dena delakoa den, baliagarria suertatu behar zaigu, gero guk bizitzan zehar praktikan jar dezagun. Autonomoak nahi gaituzte, edo hori diote, baina ez gehiegi. Ez asko. Beldurra baitute, tresnak jaso, jakintzaz blaitu eta hau interpretatzen jakin badakigu, diskurtsoa zalantzan ez ote dugun jarriko.
GRALetara bueltatuz, adibidez, edukiak ikasi bai, baino askoz ere gehiago erakusten dute. Autogestioa, denboraren kudeaketa, norbere iniziatiba, saretzea edo harreman sozialetan jardutea, besteak beste. Eta bai, haratago doa ikaskuntza prozesua, ikasten ditudalako edukiak, banabilelako gelan ikasitakoa praktikan jartzen, nire kasuan bideoak editatzen, sare sozialetako profil ezberdinetarako egutegiak antolatzen, webgunea sortzen, arlo grafikoa lantzen edo aurrekontuak prestatzen.
Lagunok, jakintzak askatuko gaitu!