Gure herriak ez dira zuen resort-ak
Berdea eta urdina gure herrietan asko ikusten diren koloreak dira. Kirmen Uribek ere ezin izan zuen hautatu bi koloreen artean, eta olatu berde eta mendi urdinen artean geratuko zela zin egin zuen, Ez eman hautatzeko olerkian. Lekeitioko Udalak ere kolore horiek aukeratu zituen duela pare bat urte udan aparkaleku-sistema arautzeko: berdea, debaldekoa, egoiliarrentzat; urdina, ordainpekoa, erroldatuta ez daudenentzat.
Neurri hori ezarri zenetik, inguruko herrietako biztanleok ere, lekeitiarrek bezalaxe, ez dugu berdearen eta urdinaren artean hautatu beharrik izan; bietan aparkatzeko aukera izan dugu, Lekeition erroldatutako pertsonak izango bagina bezala. Eskertzekoa da Lekeitioko Udalak gu kontuan izatea; izan ere, eskola, bankua, pediatra, urgentzietako medikua, eskola-kirola, ileapaindegia, errekaduak egiteko dendak edota Bizkaibus bertan ditugu. Inguruetako herritarrok badugu Lekeitiora joateko premia, baina esan beharrik ez dago denda eta zerbitzu horiek guztiak, inguruetako bezero eta erabiltzailerik gabe, ez liratekeela Lekeition egongo. Praktikotasunetik haratago joanda ere, gutariko askok eta askok Lekeition ditugu lagunak, kuadrilla eta familia, eta bertara sarri joaten gara geure herria izango bailitzan, trago batzuk hartu, lagunak bisitatu, hitzaldi bat entzun, manifestazioren baten parte hartu edo, besterik barik, portutik buelta bat ematera. Lekeitiok gu egiten gaitu eta guk egiten dugu Lekeitio.
Kotxea ezin aparkatzea diskriminazioa dela sentitzen duenak zer jakingo du, ba, diskriminazioaz?
Bada, zerbitzu horiek guztiak Bilbon dituzten bi udatiarri ez zaie ondo iruditu uda pasatzera datozenean herrigunean ezin aparkatzea, eta helegitea jarri dute auzitegietan, diskriminatu egiten dituztelako. Kotxea ezin aparkatzea diskriminazioa dela sentitzen duenak zer jakingo du, ba, diskriminazioaz? Epaileak ebatzi du auzia eta, eskerrak, ez du diskriminazio-zantzurik ikusi oporretara joatean BMWa ezin aparkatzean. Lekeitiarrek herrigunean lasai aparkatzen jarraitu ahal izango dute. Hala ere, ordenantzak inguruko herrietako bizilagunoi tratu berezia ematen digula iruditu zaio, eta guk herrigunean aparkatzea ahalbidetzen duen artikulua baliogabetu du. Beraz, ezingo dugu hemendik aurrera Lekeition aparkatu, sarrerako parkinetan eta ordainduta ez bada.
Zoritxarrez, hau ez da inguruko herrietako biztanleoi eragiten digun erabaki hutsa. Lekeitiarrek defendatzen duten herri-ereduaren kontrako erabakia da. Lekeitio ez da udan kontsumitzeko postala, ezta etxebizitzarekin espekulatu eta, gainera, aparkatzeko eskubidea dutela uste dutenen resort-a ere. Lekeitio bizitzeko, harremanak ehuntzeko eta komunitatea eraikitzeko lekua da, eta ezin dugu onartu bi udatiarren nahiak direla eta, herri-eredu horren kontrako erabakiak hartzea, Diputazioaren eta epaileen laguntzarekin. Guk, inguruko herritarrok, urte osoan egiten dugu herria, bertoko sare sozialak elikatuz, dendetan kontsumituz, kaleak biziz. Eta sare horiek elikatzea ukatzen digutenean, ez zaigu aparkatzeko lekua soilik ukatzen, gure komunitatean parte hartzeko aukera baino. Lekeitio gurea ere bada, eta hala izaten jarraituko du. Eta zalantzarik ez dezatela izan: itotzen gaituen turismoaren desazkunderako bidean urratsak ematen jarraituko dugu, sententzia guztien gainetik, Lea-Artibaiko biztanle guztiok hobeto bizi ahal izateko.