Gernika-Lumok pediatrak behar ditu
Zer gertatzen ari da Gernika-Lumoko pediatriaren egoerarekin?
Urte askotan, Osakidetzarekiko konfiantza eta maitasuna sentitu dugu, gertutasunagatik eta eskaini digun lasaitasunagatik. Horregatik, Gernika-Lumo eta Gernikaldeako pediatriaren egoerak harritzen eta kezkatutzen gaitu.
Duela ez hainbeste, Gernika-Lumoko anbulatorioak lau pediatra zituen herriko eta inguruko herrietako haurrei arreta emateko. Gaur egun, familiek bizi dugun egoeraren arabera, bi baino ez dira geratzen.
Profesional faltaren ondorioz, zenbait egunetan pediatra kategoria ez duten medikuek artatzen dituzte kontsultak, eta familia askok zailtasunak ditugu pediatrekin hitzordua lortzeko. Gainera, gure seme-alaben urteroko azterketak behar bezala ez egiteak kezkatzen gaitu.
Ulertzen dugu anbulatorioan lanean jarraitzen duten profesionalek ahal duten guztia egiten dutela dituzten baliabideekin. Ez dugu inor seinalatu nahi; gertatzen ari dena eta egoera konpontzeko zer neurri hartuko diren eta noizko, jakin nahi dugu bakarrik.
Pediatria ez da haurra gaixotzen denean arreta ematea bakarrik; prebentzioa eta jarraipena ere funtsezkoak dira.
Gernika-Lumok eta Gernikaldeak pediatria-zerbitzu nahikoa, egonkorra eta eskuragarria behar du. Horregatik guztiagatik, Osakidetzari eta arduradun diren erakundeei eskatzen diegu azal dezatela zer gertatzen ari den eta noiz berreskuratu ahalko dugun arreta egokia.
Osasun publikoan eta bertako profesionalengan sinesten jarraitzen dugu. Horregatik, hain zuzen ere, min ematen digu urteetan konfiantza izan dugun Osakidetzak gaur egun hainbesteko ziurgabetasuna sortzeak.
Gure seme-alabek pediatria-arreta egokia merezi dute. Gure haurren osasunagaitik ezin gara hori baino gutxiagorekin konformatu.