Gernika Guernicara
Azken hilabeteetan, artea hainbeste maite dugun gure herri aurrerakoiean, koadro bat izan da mintzagai nagusi. Koadroa ez dakit zer, koadroa badakit nor. Goi estratuetara eraman nahi izan dute batzuek. Hain gora ezen, eskailera mekanikoak ere jarri dituztela berau miretsi ahal izateko.
“Guernica”, Pablo Picassori, 1937ko Parisko Expoan erakutsi ahal izateko egindako enkarguaren gauzatzea izan zen. Max Aub, Espainiako Bigarren Errepublikan Arte Ederren ministeritzako goi karguak, espreski, errepublikaren balioak goratu zitzala eskatu zion. Ordutik, bide asko hartu ditu artelanak. Batetik, gure herrian gertatutako sarraskia mapan kokatzeko ezinbesteko adierazpen artistikotzat hartu izan da. Euskal nortasuna, iraganeko sufrimenduaren tesi ilustratua, kondorrak erasotutakoen oroimen eta oroimina…. Bestetik, irudi horrek, urteetan hain laidotua izan den bakea adierazpidearen definizio behinena biltzen duela sinestarazi digute. Esku solte enigmatiko bat, begi handi bat dirudien kriseilua…. Urteekin, atzeko plano batean zegoen txoriak hartu du lehen lerroa. Askatasunaren sinbolo, memoria historikoaren hegodun jaurtigai. Laboaren edo Zumetaren txoriaren trazak eman dizkio herriak. Paradoxa bilakatu da, baiki, koadroaren existentzia bera: batzuentzat antifaxismoaren ikur, besteentzat gorriek haienganatu duten guztion ondare, errepublikaren aldeko enblema bat erregina baten izenpedun museoan, Espainiako presidenteak emanaldi ofizialetan gerra kriminalei eskua emateko aukeratutako erakusleiho, bikotekideak bortxaz tratatzen zituen autorearen bortxaren aurkako margolan… artefaktu bat ez omen da, bere horretan, bat bakarrik. Begiek, denborak zein halabeharrak beste horrenbeste matiz margotzen dituzte zuri beltzaren gainean. Makina bat koadro sortzen ditugu gure iruditegirako (eta politikariek berauek nahieran desitxuratzeko aukera probesten dute).
Gerra politika da, bakea politika den era berean. Ez, ez zitzaion behinola Francori bururatu, oso oso oso maltzurra zelako, Gernika bonbaz jostea. Franco, ideologia baten aitzindari zen
Hitz egin dezagun memoriaz. Bada garaia, gure eskoletan, bonbaketaren gaia, era folkloriko edo sinplistetatik abiatuta ez lantzeko. Gerra politika da, bakea politika den era berean. Ez, ez zitzaion behinola Francori bururatu, oso oso oso maltzurra zelako, Gernika bonbaz jostea. Franco, ideologia baten aitzindari zen, zeinak helburutzat zeukan elite ekonomiko eta kultural jakin batzuen ideien ezarpena, hori lortzeko indarra erabiltzeko zilegitasun bat performatuz. Diktadorea gizon gaiztotzat baino ez bada hartzen eta guztia bere irudira sinplifikatu, ez da bandoetaz hitz egiten eta, egun bizirik jarraitzen duen pentsamendu faxista baten engranaje sistema oso bat zegoela atzean ezkutatzen da. Era berean, ezabatu egiten dira hil zituztenen jatorria, militantzia, hizkuntza… eta, garrantzitsuena, egiaren errelatoa zapaltzailearen diskurtsotik bideratzen da, zapalduarenetik beharrean. Gernikar denak ez ziren biktima izan, prentsan behin eta berriz adierazten zaigun bezala: ezagun da, bonbek, gure kaleetan ezustean harrapatu zituen asko eta asko, bando sublebatuaren alde lerratuta zeudela. Hala ere, egindakoak eginda, egoteagatik bakarrik santu-santen izendegian leku bat eskaini diegu eta hori ez da justua. Etorkizuneko herritarrei, gure herriko abizen ilustredun zenbaitek, frankismoan, garai loriatsuak bizi izan zituztela azaldu beharko genieke, egun dituzten jabetza ugari albokoaren miseriari eskerrak lortu zituztela.
Nik ez dakit arteaz tutik. Ezta Guernica koadroaren kokapen ideala zein izan beharko litzatekeen ere. Badakidana da, gure herriak Picassoren lanetik ikusi eta ikasi duena praktikan jarri beharko lukeela. “Guernica” Gernikara ekarriko badugu, eraman dezagun Gernika “Guernica”-ra, egiari zor diogun begirunetik. Urteroko malkoez harago.