Gerizpetan ahaztutako kaktusak
Gaur, #otsailak11, ez dot berbarik egingo birusen inguruan, ezta txerto edo politika kontuetaz be. Protagonistak beste batzuk dira. Ezezagun batzuentzako eta, zorionez, ezagun beste batzuentzako.
Gerizpetan ernetu eta hasi ziran. Arantzak garatu edo simulatu ebezan argitasunerako bidean topatu ebezan etsaiez babesteko. Saiakerak saiakera, gerizpetan loratzera kondenatuta egozan. Arazoa ez zan eta ez da makala, oraindik gerizpean doguz eta. Bada, goazen kaktus eder guztiak merezi daben argitasunera ataraten eta kaktus gehiago ereiten gizarteak argitasunez beteta dagozan soilguneetan.
Cochrane, Josephine Garis (1839-1913)
Kaktus hau ezagutuko ez bageunke, zer gertatuko litzateke tabernekaz, txokoetako bazkari jendetsuekaz, udalekuetako jatorduekaz edo ohiko jatetxeekaz? Nahikoa lan izango leukie. Bai eurak eguneroko jardunean, bai eta URA agentziak eta ur-partzuergoek uraren aurrezpen planak egiterako orduan. Eskerrak geurea euriak ez dabela gitxitan buztitzen!
Anderson, Mary (1866-1953)
Euriari helduz, gai izango zinakez euritan kotxe bat gidatzeko kaktus honek sortutakoa euki barik? Ni neu, miopea nazela gehitzen badeutsazu, ez.
Graham, Bette Clair McMurray Nesmith (1924-1980)
Miopia garatu izana pantaila artean denbora larregi egoteari egozten deutso medikuak, baina zentzu handiagoa dauka neure letra txarra ulertzen egin dodazan esfortzu okularrak eragindakoa izatea. Gainera, apunte guztiak betetan nebazan kaktus honek mundura ekarri ebanaz. Onera edo txarrera lagundu eustala esango neuke.
Lamarr, Hedy (1913/4-2000) eta Ruiz Robles, Ángela (1895-1975)
Ikasketak alde batera itxita, aisialdirako momentuak be aprobetxatu dodaz. Nire frikismo kiropterologikoak ondokoak egitera bultzatu nau: interneten ordu luzez nabigatu; kobazuloak geoerreferentziatu; eta, saguzar kontaketak egiten genduzaneko iluntze luzeetan, ebook-ari egurra emon asperraldiak saihesteko. Hau guztia, ez neuke egin izango bi kaktus honeengatik ez balitz izango.
Tira, hemen amaitzen da Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunari zor deutsadan aldarrikapen istorioa. Kaktusen ekarpenak zeintzuk izan ziran esplizituki esan ez badeutsuet be, zin dagizuet fruituak oparoak izan zirala. Zuon esku geratzen da kaktus bakotxaren lana zein izan dan ikertzea. Lan hori hartzea merezi dabela begitantzen jat, behintzat euren gomuta lez, ez?.