Ez da ezer aldatu(ko)
Ez, ez dut urtea hasi, beteko ez ditudan hamaika ohitura edo helburu barrien kontuarekin. Ez naiz proposatu kiroldegian apuntatzea edo dieta berriarekin hastea. Barnean beldurra eta antsietatea ematen didaten gauzak egitera hausartuko naizela esatea ere, ez naiz proposatu. Ez naiz proposatu edo, agian, hobeto esanda, presioagatik behartu, esatera edo idaztera, egingo ez ditudan milaka gauza. Alegia, ez dut 2025ean nire bertsio onena-ren lista faltsu bat egin nahi. Urte berriarekin batera ez delako ezer aldatzen.
Izan ere, ni ez naiz aldatu(ko) ez den bakarra. Urte berriarekin batera, gazteok gurasoen etxetik irtetzearen ezintasunarekin jarraitzen dugu, etxebizitza turistikoak eta alokairuen prezioek gora egiten jarraitzen duten bitartean. Zer esanik ez, gosea, etxegabetzeek eta gerrek existitzen jarraitzen dute, are gehiago diskurtso zein erailketa matxistek eta homofoboek. Hortaz, urte berri honek aurrekoa bezain zapaltzailea, ankerra eta doilorra izaten jarraitzen du.
Are gehiago, urte honen hasiera diskurtso gordofoboek markatu dutela agerikoa da. Jakin badakigu espainiar telebistako lehen kanalean urte honetako kanpaiak ze bi pertsonai mediatikok eman dituzten. Jakin badakigu horretatik bat emakume bat izan dela. Emakume ez normatiboa. Eta «ez normatiboa» diot, Lalachus bezalako emakume baten gorputza, zoritxarrez, egunotako gizartean ez normatibo bezala sailkatzen jarraitzen delako.
Halaber, badira, bagara, gorputz ez normatiboak dituzten, ditugun, emakume asko. Badira eta bagara egunero gorputzen inguruan entzun behar duten eta dugun emakume asko. Titi handiagoak edo txikiagoak dituztelako edo ditugulako. Eperdi handiagoak dituztelako eta ditugulako. Hanka zabalagoak dituztelako eta ditugulako. Badira eta bagara gorbofobia jasaten duten eta dugun emakume asko eta asko. Gorroto diskurtsoak funtsean, emakume «ez normatiboen» gorputzengan eguneroko ogi bihurtu dira.
Beraz, ez dakit ba, mahatsak jan eta gero ezer aldatu denik. Ez dakit ba, gizarte honetan urte berriarekin batera gorputzen, batez ere emakumeen gorputzen, inguruko lekuz kanpoko iritzi eta komentario matxiruloak aldatuko direnik. Ez dakit ba, gaur gaurkoz «ez normatibotzat» hartzen diren gorputzak urte berriarekin batera, azkenik, normatibotzat hartuko diren.
Halaber, emakume feministok dena aldatzeko lanean jarraituko dugu.
Feminismoz, gizarte hau janzten lanean jarraituko dugu.