Eusko Jaurlaritza eta igelarena
Badago esperimentu bat jende askok ezagutzen dabena: igelarena. Niri gustaten jat argi eta garbi erakusten dabelako zein erreza dan jendea menperatzea kontziente izan barik. Esperimentua, igela urez beteriko lapiko batean sartu eta astiro astiro, baina etengabe, tenperatura igotzean datza, horrela, igela gozo-gozo eta zirkin egin barik egosten doa hil arte. Ostera, gauza bera bat-batean egingo bagenu, astiro-astiro egin beharrean, igelak ziztu bizian saltatuko leuke, eta heriotzaz libratuko zan. Bada, nire eretxiz, EAEko Zerbitzu Publikoen egoeragaz igelaren antzeko kontua pasatu jaku.
Daborduko 45 urte pasatu dira Eusko Jarlaritzak EAEko Zerbitzu Publikoen eskumenak hartu ebazala, eta sasoi horretan gazteak ginanok uste genduan bizi baldintzak, eta noski, Zerbitzu Publikoak indartzen eta hobetzen joango zirela. Inondik inora ez geunke sinistuko ezta onartuko gaur egungo egoera. Baina aldaketak astiro-astiro emon dira, esperimentuaren moduan, eta orain egosteko zorian aurkitzen gara. Herritar guztiok erabili behar izango doguzan zerbitzuak (Osakidetza, Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuak) oso egoera tamalgarrian aurkitzen dira, eta aurrera egiten dabe langileen bokazio eta ahaleginagatik, eta ez administrazioaren parte hartzeari esker.
Azpimarragarria Osakidetzan emon dan ezkutuko pribatizazioa, baita giza baliabideen faltak langileengan sortzen dauen estresa eta egonezina ere, hori guztia ahaztu barik erabiltzaileek jasan behar dabezan itxaron zerrenda amaigabeak.
Hezkuntzan, ikastetxeak itunpeko bihurtzeko martxan jarri zan estrategiak Estatuan proportzionalki itundutako ikastetxe gehien dabezan erkidegoa izatera eroan gaitu, Madrilek edo Errioxak baino gehiago. Harrigarria!. Kaltetua irakaskuntza publikoa izanik, eta, gainera, sare publikoan batez be ditugun erronka garrantzitsuei aurre egin barik, hala nola, beste tokietatik datozen ikasleak euskalduntzea edota ikasleen integrazioa behar bezalakoa izatea.
Gizarte Zerbitzuetan daukagun baliabide faltak ez deutso herritarren beharrizanei erantzuten, ez egoitzetan ezta etxez-etxeko zerbitzuetan be.
Hau guztiari beste estrategia batzuk gehitzen jakoz denak helburu berdinagaz: PRIBATIZATZEA. Bizkaiko ur zerbitzuaren monopolizazioa Busturialdeko ur partzuergoa Bilbokoan sartuz, Euskalteleko salmenta, energiaren kudeaketa, multinazionalen eskuz jarriz autokontsumoa, eta komunitate energetikoak bultzatu beharrean… Ahaztu barik etxebizitza publikoak bultzatzeko neurri falta edota aldaketa klimatikoari aurre egitekoak. EAJren lehentasuna sekula ez da izan herritarren ongizatea eta zerbitzu publikoen hobekuntza, lehentasuna beraien hurbilekoengan egon baita.
Eta igela… gozo-gozo egosiko da, edo salto egiteko gai izango da bizirik irauteko?