Euskarazko ikus-entzunezkoen gabeziaren eragina euskararen normalkuntzan
Jakina da urteak aurrera egin ahala, euskararen erabilera eta euskal nortasuna ahultzen ari direla. Euskal herritarren %40 espainiarra zein euskalduna sentitzen da, eta %19 sentitzen da euskalduna soilik. Datuak kezkatzekoak dira, baina harritzekoak ez; izan ere, globalizazioak gure lurraldea ere harrapatu du. Ondorioz, egungo gazteen erreferente euskaldunak atzerrikoengatik ordezkatu dira, eta aisialdia kontsumitzeko moduak azkar aldatu dira denbora laburrean. Osagai hauekin guztiekin emaitza beldurgarria egosi da: gazte gehienek aisialdian gazteleraz edo frantsesez hitz egiten dute, eta —kasurik onenean— euskara eremu akademiko zein aspergarrira mugatzen da. Ikerketen arabera, aisialdian erabilitako hizkuntzak eta horrek sortutako bizipen positiboak eragin zuzena du hizkuntzaren erabileran. Jakina, aisialdiko eduki guztiak gazteleraz, frantsesez edo ingelesez jasotzen dituzte. Horrenbestez, beste hizkuntza hegemonikoekin ez bezala, euskararekin errefortzu negatiboa dute.
Hamaika eragile dira egoera honen erantzuleak, baina bi nabarmendu nahiko nituzke: alde batetik, aspaldidanik EITBk ez du bere funtzioa betetzen, hau da, ez du euskararen normalizazio prozesuan eragiten, eta, bestetik, atzerriko plataforma digitalen etorrerak ikus-entzunezkoen katalogoa nabarmen handitu du, eta horren barruan euskararen presentzia urria da. Halaber, euskal herritarrok egunean hamaika ordu igarotzen ditugu pantailei begira, eta %82k gutxienez plataforma digital batean du harpidetza.
Zorionez edo zoritxarrez, badira gure egoera berean dauden edo egon diren hainbat lurralde ere, eta —hiru hizkuntza hegemoniko erraldoiren zapalduak bezala— badaukagu zer ikasi beraiengandik. Katalanek, duela hamalau urte, 2010ean, katalanaren normalizaziorako, zinemaren legea sortu zein onartu zuten. Lege honen arabera, mundu mailatik iristen diren haur naiz nerabeen film guzti-guztiak katalanera bikoiztu, eta autonomiako zinema guztietan estreinatzen dira —gazteleraren neurri berean jarri—. Gainera, nazioartean estreinatzen diren ekoizpen guztien %25 ere bikoiztu edo azpidatzi egiten da. Hortik aparte, Filmin plataforma digitalarekin elkarlanean, Filmin.cat dute. Bertan, nahieran, ordenagailutik, telebistatik, mugikorretatik edo tabletetatik katalanezko 3.000 edukirako sarbidea dute.
Laburbilduz, euskal nortasuna, eta euskararen egoera hobetzeko honako baldintza hauek bete behar dira: lehenik eta behin, euskarazko ikus-entzunezkoen sektorea finantzaketa publikoarekin sendotzea; bigarrenik, 1982ko euskararen normalkuntzaren legea bete eta EITB horretarako tresna bezala erabiltzea; hirugarrenik, zinemaren lege propioa sortu eta mundu mailako haur zein nerabeen eduki guztiak, eta eduki orokorren %25 euskarara bikoiztea; laugarrenik, Primeran zein Makusi plataformak indartzea; eta, azkenik, espainiar eta frantziar kate publikoetan edukiak euskaraz eskaintzea. Zorionez, badago baldintza hauen alde borrokatzen duenik, esaterako, Pantailak euskaraz ekimeneko eragileak. Beraien lanari esker, agian, euskara zein gaztelania neurri berean jartzea lortu daiteke.