Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa ez du baliatu Bizkaiko Foru Aldundiak
2026ko ekainaren 4an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean honakoa argitaratu zen: Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte langilearen bost lanpostutan euskaraz jakitea atzeratu zuen 2027ko abenduaren 31ra arte. Horren ondorioz, euskara-titulurik gabeko langileek eskuratu ahalko dituzte bost plaza horiek. Suposatzen da data hori heltzen denean ez badute euskara maila egiaztatuta, Foru Aldundiak lanpostutik kendu beharko lituzkeela, baina denok dakigu ez dela halakorik gertatuko. Gainera, beste plaza batzuetan data ezabatu du, beraz, ez orain, ez gero, ez da eskatuko euskaraz jakiterik; aldiz, guztietan derrigorrezkoa izango da gaztelaniaz jakitea. Gure ustez, erabakiaren ondorioa argia da: Bizkaiko Foru Aldundian hutsune eta ez-betetze ugari badago orain, honekin arazoa handitu besterik ez da egingo.
Ekainaren 18an Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET) Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion erabaki hori bertan behera utz zezala. Izan ere, bost lanpostu horiek data horretara arte euskarazko eskakizunik ez dutenek bete ditzakete eta horrek Foru Aldundira jotzen duten euskaldunen eskubideak urratzeko aukera zabaltzen du, baita normalizazio-prozesuan atzera egiteko ere.
Hala ere, 2026ko irailaren 9an, Bizkaiko Foru Aldundiak euskara-eskakizunak atzeratzeko neurria defendatu du: hainbat epaik jasotzen dute behar baino lanpostu gehiagotan eskatu dela euskaraz jakitea eta horrek enplegu publikoan sartzeko berdintasun-eskubidearekin kontraesana izan dezakeela.
2026ko ekainaren 25ean, hau da, derrigortasun-data atzeratzeko erabakia argitaratu eta 21 egunera, Eusko Legebiltzarrak derrigortasun-indize orokorra ezabatu zuen (Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatuta), ustez epaitegietan trabak saihesteko, epaileek ulertzen baitzuten indize horrek markatzen zuela askoz jota zenbat plazatan eska zitekeen euskaraz jakitea (benetan gutxienekoa zehazteko sortua izan zen). Gainera, epaileek interpretatu zuten lan-deialdi bakoitzari aplikatu beharrekoa zela, are gehiago mugatuz (benetan administrazio bakoitzaren plaza guztiei aplikatu beharrekoa zen). Lege-aldaketarekin administrazio bakoitzak bere plangintzan ezarriko du zer lanpostutan eskatuko duen euskara jakitea eta zeinetan geroratu ezagutza hori; Bizkaiko Foru Aldundiak bere plangintzan erabaki dezake zer plazatan eskatu euskaraz jakitea. Ez da zalantzan jarri guztietan gaztelaniaz jakiteko betebeharra.
Euskararen aurkako oldarraldia lege-aldaketa horrekin geldituko dela ez dugu sinesten, baina badirudi ezta lege-aldaketa hori bultzatu eta Bizkaiko Foru Aldundia gidatzen duen EAJ alderdiak ere. Hori konponbidetzat hartzen badute, zergatik mantendu dute Bizkaiko Foru Aldundian derrigortasun-datak atzeratzeko erabakia? Zergatik ez dute plangintzaldia aldatu lege berriak horren bidez euskara lanpostu horietan eskatzeko aukera ematen dionean? Egindako lege-aldaketan sinesten badute, behintzat, hori balia dezatela Bizkaiko Foru Aldundian. Garaiz dabiltza saiakera egiteko.