Esentzia
Iritsi berri naiz lanetik. Egun luzea izan da; goizean goiz atera behar izan dut etxetik, kotxea hartu eta Zegama-Aizkorri lasterketaren berri ematera joateko. Maite dut nire lana horrelako tokietan egoteko aukera ematen didalako, baina aitortu behar dut, oraindik, aurreko egunean loa kentzen didatela gaurkoa bezalako kirol ekitaldiek.
Bertara heldu eta autoa aparkatzeak sortutako estresa alde batera utzita, opari bat izan da han egotea. Mendi maratoi ospetsu honek hogeita bosgarren edizioa bete du gainera: zilarrezko ezteiak. Mende laurden darama munduko lasterkari onenen eta mendizaleen gozamenerako topaleku izaten. Zegama bezalako herri txiki batean, herritarrean artean sortu, eta euren borondate eta ahaleginari esker aurrera eramandako ekimen hau gure lurraldeko kirol ekitaldi garrantzitsuenetakoa bihurtu da.
Urtero legez, irudi ikusgarriak utzi dizkigu lasterketak. Ibilbideak zeharkatzen dituen paraje zoragarriak ikusita ez da gutxiagorako. Baina Zegama-Aizkorri berezi bihurtzen duena jendearen berotasuna da. Urte hauetan guztietan antolakuntzak eskatzen duen lan guztia mimoz egiten duten boluntarioen berotasuna, batetik; eta parte hartzaileak animatzera gerturatzen diren milaka zaleena, bestetik.
Esentzia mantentzea, niretzat hori da arrakastaren giltzarrietako bat. Ze zaila egiten zaigun askotan gure esentzia mantentzea, ze zaila gure izaerari tinko eustea.
Hogeita bost urte hauetan, maratoiak ez du sorreran zuen esentzia edo nortasuna inola ere galdu. Munduko lasterkari onenak etortzeak, tartean diru asko jartzen duten babesleak egoteak, telebistak, presioak… ez dute ekarri lasterketaren izaera herrikoia bertan behera gelditzea. Herriak berak eta dena aurrera eramatea posible egiten duten ehunka boluntarioek probaren ardatz nagusia izaten jarraitzen dute.
Esentzia mantentzea, niretzat hori da arrakastaren giltzarrietako bat. Eta ez naiz Zegama-Aizkorriz ari, ez naiz kirol munduko makro ekitaldiez edo antzekoez bakarrik ari; norbanakoez ari naiz. Ze zaila egiten zaigun askotan gure esentzia mantentzea, ze zaila gure izaerari tinko eustea.
Kanpo presioek, bizitzaren erritmoak, jendartearen joerek… zaildu egiten digute gu geu garen modukoak izaten jarraitzea. Sare sozialetako algoritmoek eta antzekoek ere guztiok eramaten gaituzte eduki bera kontsumitzera, eta gure pentsaeran eta nortasunean eragiteko ahalmen izugarria dute.
Ez da batere erraza, badakit, baina ardi zuriz betetako jendarte honetan, tarteka bada ere, saia gaitezen ardi beltzak izaten; Zegama-Aizkorrirekin gertatu bezala, ahalegindu gaitezen gu ere gure esentzia mantentzen. Konbentzituta nago, lortzen dugunean arrakastatik gertuago egoteaz gain, geure buruarekin ere pozago egongo garela.