Egotzitako desberdintasuna
Diskurtso monolitikoa oso arriskutsua da, gauzak lerro bakar batetik eramaten direnean, pertsona eta kontingentzia asko irakurketatik kanpo geratzen direlako
Behin egiten ari nintzen ikasketa batzuetan irakasleak hurrengo ariketa egitera gonbidatu gintuen: gure ezaugarri baten pentsatu behar genuen; ezaugarri hori gure izaerari lotuta egon behar zen eta gugan nahikoa garatutzat jo behar genuen; gurea zela onartu behar genuen, gure pertsonarekin bat zetorrela. Ondoren, ezaugarri hori geneukala noiz ohartu ginen gogoratzera eraman gintuen irakasleak: bizitzaren zein momentutan ezaugarri horren jabe sentitu ginen eta, agian, bizitzako zein momentutan jokatu dugun argi eta garbi ezaugarri horri jarraituz.
Gogoeta amaitu ostean, klaseko kideekin partekatu genuen gure ezaugarria eta ezaugarriaren ustezko jatorria. Ezaugarri guztiek jatorri soziala zutela konturatu ginen orduan, hots, talde batean garatuak izan zirela, talde edo beste pertsona batek egotzi zigula, beste batengan nabaritutako ezaugarriak zirela eta guk gure egitea erabaki genuela…
Ariketa honek gure izaera soziala dela ondorioztatzera eraman gintuen; harremanetan eratzen garela eta gure identitatea erlazionala dela.
Bada, inoiz harreman horietan zuk nahi ez duzun edo bat ez zatozen ezaugarria, izaera edo identitatea egozten dizute. Txikiak ginenean klaseko gizenari edo desberdinari besteon harrapatzailea izateko agintzen genionean bezala. Denok egiten genion burla eta iseka, eta berak, jolastu nahi izanez gero, paper hori onartu behar izaten zuen, nahi eta nahi ez.
Duela gutxi taldeko egoera batean nire buruari nik nahi ez nuen izaera bat egotzi diote. Talde horrekin elkarlanean, elkarrizketan jarraitu nahi nuen, baina egotzitako izaera horretatik edozein elkarrizketa edo elkarlan hastea zein zaila zen konturatu nintzen.
Niri egotzitako izaera hori euren beldurrak eta diskurtso monolitikoa mantentzearen beharrak bultzatuta egon daitekeela uste dut. Ondorioz, autoritarismoa eta zapalkuntza sentitu izan ditut euren ekintzetan… Izan ere, soziokonstrukzionismoak eta euren burua soziokonstrukzionistatzat ez duten hainbeste pertsonak (ez diet nik izaera hori egotziko!) esaten duten eran, diskurtso monolitikoa oso arriskutsua da, gauzak lerro bakar batetik eramaten direnean, pertsona eta kontingentzia asko irakurketatik kanpo geratzen direlako.
Gizenak eta desberdinak izaten jarraitu behar dugula uste dut. Eta gizentasun/desberdintasun horretatik elkarrizketan jarraitu, gizarte aberatsago bat baino ezin dugu horrela lortu eta.