EAJ: Tasa turistikoa edo traza elektorala?
PSOEk abiarazitako jokaldi elektoralera batu da EAJ. Izan ere, Gernikan etxebizitzaren erabilera erresidentzialak erabilera turistikoaren gainetik egon behar duela adierazi du, tasa turistikoa proposatuz. Asko esan daiteke neurri honen mugen inguruan, Busturialdera datorren turista bati tasa bat kobratzeak ez baitu inongo oztoporik jartzen eskualdean ematen ari den negozio turistikoaren hedapenari. Baina agerikoagoa da neurri hau proposatzerakoan EAJk duen asmo elektorala: etxebizitza problematikak gero eta kezka handiagoa sortzen du eta kale-mobilizazioa areagotzen ari da. Ondorioz, estatu- eta udal-mailako hauteskunde ikasturte honetan, jeltzaleek posizioak irabazi nahi dituzte.
Hala ere, EAJk etxebizitzaren negozioarekin dituen interesak eta loturak (eraikuntza-enpresekin, bankuekin…) denontzat ezagunak dira. Izan ere, etxebizitzaren arazoa ez da arazo jende guztiarentzat: langileok problema modura bizi duguna, negozio-aukera ikaragarria da gutxi batzuentzat. Bateraezinak dira etxebizitza eskubidea eta etxebizitzaren negozio espekulatiboa, bata ala bestea aukeratu beharra dago, eta argi dago EAJk beti zein alde hautatu izan duen. Nor izan zen, bestela, joan den ostiralean Gasteizen, PSOErekin batera, adingabeak zituen familia bat inolako alternatibarik gabe bere etxetik indarrez kanporatu zuena? Nor izan zen Ertzaintza bertara bidali zuena, etxegabetzea geldiarazten ari ziren gazteak jipoitzera?
Gainera, EAJk etxebizitzaren auzian bai Espainiako Kongresuan zein Eusko Jaurlaritzan azkenaldian izan duen jarrerari erreparatzea besterik ez dago (alokairu-kontratuen luzapenaren aurka bozkatuz, errentistentzako miloika euroko konpentsazioak bultzatuz…), alderdiaren benetako aurpegia agerian uzteko. Bestetik, negozio turistikoari dagokionez ere, EAJ izan da nagusiki Euskal Herri osoan zehar negozio honi alfonbra gorria jarri diona. Ongi dakigu hori guk Busturialdean, bera izan baitzen nagusiki Urdaibaien Guggenheim proiektua inposatu nahi izan zuena.
Laburbilduz, badirudi hauteskundeen testuinguruan alderdi guztiak ari direla bere lekua hartu nahian. Hala ere, errealitatea begibistakoa da: prezioen igoera etengabea, gazteria emantzipatu ezinik eta etxe kaleratzeak egunez egun; bien bitartean, alderdi politikoak espekulazioa babesten eta finantziatzen eta horrek langile klasearen sektore zabaletan sortzen dituen kalteei partxe gutxi batzuk jartzen.
Hala ere, kalean jendea konturatzen hasi da, eta lurralde ezberdinetan egiten ari diren mobilizazioek erakusten dute etxebizitzaren auzian ere egiturazko aldaketa bat nahi duen belaunaldi berri bat antolatzen eta indarra hartzen ari dela. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik ere datorren azaroaren 11ko Greba Orokorra norabide horretan bideratu nahi dugu, eta hamendik etekin elektoralak atera nahi dituztenen jarrera konplizea ere seinalatuko dugu. Historiak erakutsi digu, langile klasearen lorpen guztiak kontzientzia, antolakuntza eta borrokaren bidez etorri direla, eta ez alderdi politikoen ogi-apurren zain egonda.