Doluari ez diogu jarraipenik egiten
Ohikoa baino zutabe pertsonalagoa izango da ondorengo hau, baina pertsonalak izateak ez du kentzen guztion arazoa ez denik. Heriotzari bizkarra emanda bizi gara egungo gazteok, ahalik eta gehien saihestu nahi dugun gaia delako, baina heriotzak, norberarenak zein inguruko batenak, atea joko du lehenago edo beranduago, eta ez gaude prest galera hori kudeatzeko.
Kapitalismoaren beste garaipen bat da hau, izan ere, gero eta mundu-ikuskera pragmatikoagoa daukagu; produktiboak, erabilgarriak eta praktikoak izan behar gara, eta bizitza ez da horrelakoa. Bonbillaren sorreratik —fabriketan egun eta gau lan egiten dugunetik, alegia— naturaren zikloetatik at bizi gara, eta ez dezagun ahaztu gu geu ere natura garela. Bizitza kontenplatiboa atzean utzi eta aisialdia bera ere kontsumitu egiten dugu bizi beharrean. Hori gutxi balitz bezala, orokorrean ateoak gara —eta kasurik txarrenetan astrologian sinesten dugu— eta horrek babesik gabe utzi gaitu. Sinesmenik gabe bizitzea guztiz zilegi eta errespetagarria da, baina aukera kostu izugarria du; heriotza bezalako gauza hain tangible eta, aldi berean, hain abstraktuaren aurrean biluzik gaude, babes gabe, bakarrik. Erlijioek mila gauza kritikagarri izango dituzte —ez dut kontrakoa adieraziko—, baina ukaezina da heriotzaren inguruan eraikitako kultura direla. Elizara doazenek egunerokoan dute presente hiltzea, eta hainbat baliabide erritual eta zeremonial dituzte galera horrek sortzen duen mina modu jasangarrian eramateko. Eta bai, «mina eramatea» diot, eta ez «mina saihestea» edo «ez sufritzea». Poza, zoriontasuna zein alaitasuna bizi eta sentitu behar ditugun emozioak diren neurri berean, tristura, mina, samina eta damua ere sentitu behar ditugu.
Emozio positiboak kapitalizatu egin direnez, badirudi aisialdian sentitu behar ditugunak direla merkataritza zentroetara joatea, bideojokoak, motorrak, surf taulak erostea… Dirua ematen dugu emozio positiboen truke, baina emozio negatiboak ez dira errentagarriak, ez dira saltzen, beraz, ez dute aisialdian kabidarik. Aste barruan lan egin behar dugu eta asteburuan zoriontsu izan, baina noiz utziko diogu gure buruari triste egoten? Egutegian ez dago horretarako lekurik. Larunbat batean triste egotea pena da, ez duzulako larunbata «aprobetxatu» edo egungo nerabeek dioten moduan «ez nau rentatu». Egiturarik gabe eta barrenetik inprobisatuz idatzi dudan zutabetxo honetan zerbait garbia atera behar bada ondorengo hau izan dadila: gure buruei triste egoten uztea ez da denbora galtzea, ezta ondokoei ondo dauden galdetzea ere.