COVID ziurtagiria eta osasun-sistemaren gaineko kontrola
Gorenak EAEko hainbat lekutan sartzeko COVID ziurtagiria eskatzeko baimena eman duenaren berri izan dugu egunotan, lehenago Nafarroan eta aurretik Iparraldean ere egiten ari diren bezala. Osasunaz gutxi duten neurri horiez haratago, osasun krisi bezala izendatutako honetan, zer esan dezakegu, bada, osasun sistemaz?
Alde batetik, osasungintzako materiala ekoizten duten enpresak (botikak eta txertoak, arnasgailuak, maskarak) ditugu, zeintzuk, enpresa diren heinean, merkantziak ekoizten dituzten haien salerosketarako. Merkantzia diegu, sistema kapitalistaren baitan haien truke balioagatik ekoizten direlako, eta ez haien erabileragatik, guztion osasuna bermatu eta zaintzea litzatekeena. Adibidez, azaroaren 25era arte, Afrikako lau osasun langiletatik bakarrak jaso zuen txertoa, OMEren arabera. Zer diote honi buruz Johnson & Johnsonek edota Blackrock-ek? Osasun krisi betean, osasungintza sektoreko enpresarien eta finantza funtsen eskuetan dago munduko biztanleriaren osasuna. Ia bi urte hauetan egon diren gaixo eta hildakoak, hortaz, hein handi batean haien ardura direla esan dezakegu.
Bestetik, osasun zerbitzu publikoei dagokienez, kalitate galera nabarmena bizi izan dugu, bereziki lehen arreta zerbitzuan. Osasun langileek bizitako presio eta neke nabarmena, telefono bidezko arretaren orokortzea eta itxaron zerrenden luzapena, besteak beste, osasun krisi betean ere estatuak zerbitzu horiek indartu eta guztiontzako arreta eta artatzea bermatzeko ezintasunak izan ditu. Horrekin lotuta, osasun zerbitzu pribatuei ere erreparatu nahi diegu. Izan ere, sarbide mugatua duten zerbitzu horietara jo ahal izan dute horretarako dirua dutenek.
Proletarizazio prozesu betean egonda, biztanleriaren parte geroz eta txikiago batek baino ezingo du osasuntsu egoteko ordaindu.
Ez enpresek, ezta estatuek ez dute, beraz, guztion osasuna aurrejarri. Kapital akumulazio beharrak gidatzen du burgesia, eta estatuak, bestalde, osasun zerbitzuen kolapsoa kudeatu besterik ez du egin, osasun baliabideen ekoizpen kapitalistan esku hartzeko ezgai.
Argi dago sistema kapitalistaren barne indarrak gelditzeko, eta, guztion ongizatea bermatzeko gai izango den forma batean antolatzeko beharra daukagula. Langileon osasunari lehentasuna emango bazaio, hori langileok –guk geuk– osasun sistema osoaren (ikerketa, ekoizpena, kudeaketa) kontrola hartuta eta gure beharren arabera antolatuta izango da. Osasun sistemaren kontrol sozialista da burgesiaren interesetatik askatutakoa eta doakoa; hau da, kalitatezkoa eta unibertsala izango den osasun sistemaren bermea.