Bide barriak
Udako oporren ostean, ikasturte berriak bere bideari ekin dio, berarekin, beste behin, ordena, diziplina, ordutegiak eta ikasleen ikasketarekiko etengabeko dedikazioa ezarriz. Ikasturte berria hasi baino lehen, ikasleek ilusio berrituz, itxaropen garrantzitsuz, borondate dosi handiz, asmo onez eta, batez ere, motibazio handiz agertzen zaizkigu, ikasturteak dakartzan bide berri, irakaskuntza eta aukeren aurrean. Hala dirudi behintzat.
Guraso zein ikasle askoren helburu nagusia, bakarra ez esatearren, ikasturtea ahalik eta arazorik gutxien izanez garatu eta gainditzea da. Luzaroan hori izan da hainbat gurasoren goi-helburua eta, zoritxarrez, gaur egun ere horrela izaten jarraitzen duen heinean, oldozmen maila hori inteligentziarentzako irain eta eraso garbia izanez, ezin inondik inora onar daiteke.
Ezagutzak jaso, norbere burua jakintzaz jantzi, gaitasun intelektualak goi mailan kokatzeko teknikez jabetu, ikasketak arrakastatsu burutzeko beharrezko diren tresnak landuz barneratu eta, oro har, gaitasun intelektualen garapenarekin zeharkako edota zuzeneko zerikusia duten jarduerak garatzeko joera urri izaten da gurasoengandik eta, horrela, ez dago bikaintasunezko ikasketak, hau da, ikasketa arrakastatsurik garatu eta are gutxiago lortzerik.
Emaitza bikainak eta arrakasta pertsonal/akademikoa, guraso eta ikasle denek nahi dituzte baina helburu horiek lortzeko bakoitzak dagokion ahalegina egiteko gertu egon behar du eta urte luzetan ikusitakoaren arabera, hainbatetan, ikasleek euren ahalegina leporatzeko gertu daudela ikusi arren, gurasoei dagokienez, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, ez nintzateke gauza bera esaten ausartuko.
Gurasorik gehienek, euren seme/alaben ikasketen nondik-norakoan arazo larriak eta eragozpen ugari dituztela aspaldi jakin eta ikusi arren, arazoa benetan jasanezin bihurtu arte, hau da, euren seme/alaba erabat agobiatuta, motibaziorik gabe, etsita eta irtenbide arin baten beharrean dagoela antzeman arte, ez dute gehienetan aipatu arazoak bideratzeko urratsik ematen eta, egoerak bien bitartean, ikaslearen kalterako, txarragora besterik ez dagi.
Ikasleak ikasketetan arrakasta lortu nahi izatekotan, ikasturte honetako lehen egunetik bere eginbeharretan buru-belarri sartu, ikasgaiak sakon landu, etengabe jorratu eta bere jakintza egokitasunez eraikitzen hasi behar du, jarduera horiek besterik ez baitituzte goi mailako emaitzak lortzen lagundu eta bermatzen. Zeregin horiek guztiak baina ez dira besteko barik garatu edota lortzen, lan asko egin izanaren ondorioz baizik.
Arrakasta lortzeko nahia ez da beste barik arrakasta lortzeko baldintza nahiko. Horretarako baina ezinbestean ikas-teknika bikainak, metodologia egokiak, tresna aurreratuak, eta planifikazio eraginkorra bermatu behar dira, eginbeharrak geroratzeko joera kaltegarriak errotik baztertuz, bestela ebaluazioak eta balizko etsipenak uste baino arinago agertzen baitira, denbora ikaragarri azkar igarotzen baita.
Ikasle bakoitzak, arrakasta pertsonal eta akademikoa lortzeaz gain bere nortasuna hala moduzko izatetik urruti eraiki nahi baldin badu, bere eguneroko jarduera eta zereginetan egin beharreko ahalegina, bikain antolatua, tajuz programatua eta egokitasunez planifikatutakoak izan behar du, zutabe horiek emaitza akademiko bikainak lortzeko oinarrizko elementu baitira eta, ondorioz, ez dago ikasketak bikaintasunez garatu daitezkeenaz oldozmenik txikiena ere egiterik, aipatu baldintza horiek bete eta bermatu ezean.
Antolatzen ez dakienaren gaitzik handienetako batzuk denbora eta esfortzua erruz galtzea izaten dira eta, ondorioz, aipatu bi elementu horiek alferrik galtzen direnean, motibazioa gainbehera dator, eraginkortasun-maila oso urria izaten da eta funtzionagarritasun falta ere argi antzematen da. Irtenbidea, bakoitzaren esku.