Bat gutxiago, eskerrak
Gabonetako arbolak etxeko izkina berean jarraitzen duen arren, atzean gelditu dira egutegian gorriak diren egunak. Etxeko txakurra lasaiago dabil hondartzan jolasean, petardoei petardo guztiak amaitu zaizkien esperoan. Urte amaierako egunek sortzen duten barruko korapiloa ere askatzen doa errege magoen eguna hurbildu ahala. Asko dira urtea ajearekin batera hasi duten herritarrak; beste horrenbeste kalean beraiekin topo egitean, esaldi bera errepikatzen dutenak: «Afari bat gutxiago, eskerrak».
Nerabea zara, eta orain arte konturatzen ez zinen gauzetaz jabetzen hasi zara; bizkarrean daramazun motxila ere gero eta pisutsuagoa da. Urte batetik bestera, lañotasuna guztiz desagertu da, lapurtu egin dizute. Etxeko errealitateak ez dauka zerikusirik ikusten dituzun Instagram storyekin, zurean liskarrak besterik ez. Ez duzu ulertzen zein momentutan aldatu den egoera hainbeste; begiak itxi, eta etxeko txikiena izan nahi duzu berriro, nahi duzunean aramusare horretatik ihes egin ahal izateko.
Orduek aurrera egin ahala, airea totolatzen doa, mahaiko kide askoren mihigainaren antzera, eta berriz datorkizu burura agian hobe litzatekeela gaixorik egongo bazina, barruan daramazun mina behintzat beste era batera sentitu ahal izateko. Alkoholdun botilak amaitzear daude, eta hankak dantzan hasi zaizkizu. Inork ez daki azken hilabeteetan zehar janariarekin izan dituzun gorabeherak, sentitutako estutasunak, eta asko dira egunotan entzun behar izan dituzunak: «Bihar paseatzera joan beharko gara, irabazitako kiloak kendu ahal izateko», «hau guztia tripara doa», «gaur bekatua egin dugu»… Burutik kendu ezin duzun abestiaren antzera errepikatzen dira esaldiak zure baitan, ozen eta indartsu. «Bihar paseatzera joan beharko gara, kiloak kendu ahal izateko», «hau guztia tripara doa», «gaur bekatua egin dugu». Mahaia janariz gainezka, eta zu komunera egingo duzun ihesaldi unea prestatzen. Eskerrak etxeko txakurra hanken mugimenduaz ohartu den, eta bere ipurdia oinen gainean jarri dizun babesa eskaini nahian.
Sinisdunak ez izan arren, sinisdunen jaiak ospatu nahi izanagatik, jai egunak estutasun une bihurtzen dira. Etxe bakoitzean desberdin, eta bakoitzak bere motxila bizkarrean. Sarritan, ia beti ez esateagatik, errealitatea ikusten dugunetik kanpo gelditzen da.