Balkoietan
Kanpokoa barrukoaren isla omen da. Inguruko etxebizitzetako balkoietara begiratu besterik ez dago. Ze apaindura dagoen barandetan, esekitokirik daukan bistan, baldin badauka ze erropa klase ageri den berauetan, zer antzezten duten bizilagunek… bada balkoirik edukitzeko pribilegiorik ez duenik ere. Bizitza anonimoen eusle dira balkoiak.
Piti bat erretzera atera da Egoitz. Aharrausi artean, begietako makarrak kendu eta aurretik datozkion bulego ordu zoriontsuekin amesten hasi da: txosten mendi amaitezin liluragarriak, kafe-makinako meritokraziaren inguruko iruzkin askatzaileak, hainbeste desio duen nagusiaren abegia lortzeko ordu estra amestuak…. Ufa. Hasperen erdian harrapatu du aldamenean eseri zaion txori marroiak. Hankatxoak altxatu eta goizeko erritualaren arrastoak bide egin du balkoi ertzean. Kandinskyren koadro bat baranda lizunduan. Oihuka agurtu du Egoitzek, ke eraztunekin mimetizatuta, hegaz joan den txoria. Auskalo zer esan dion aldarriotan, goizean goizeko pozaren adierazgarri maitagarriren bat ziurrenik. Zigarroari zupada erdi falta zaiola, sukaldean (senarraren gosaria prestatzen) zegoen emaztea asaldatu eta harengana bideratu du egonarri goiztiarra Egoitzek. -Laztana, badaukazu lana hemen kanpoan. Nik kafe bat behar dut- Balkoitik behera erori da Chester erraustua.
Nekanek inoiz ez du ulertu zergatik oihukatzen duten hainbeste bosgarreneko Egoitz eta Anek. Bera isilean ibili zalea da, hala ere, beti dauka zeresana injustizien aurrean. Badaki egokitu zaion prekarietate programatua ez dela duintasunaren sinonimo. Herriko arte eskolan egiten du lan hiru xoxen truke; «por amor al arte», literalki. Ordaindu beharreko alokairu neurrigabekoak zein eguneroko gastuek maskaldu egiten dizkiote bizitzeko gogoak. Hori gutxi ez, eta sekula amaituko ez den doktoretza batean murgilduta dabil, konfiantza gehiegirik sortzen ez dion arte galeria snob batean, horman gaizki itsatsitako platano bati buruzko iruzkinak egiten bukatzera kondenatua. Pentsamenduokin hausnarrean dabilela, esku batekin oratu du balkoian zintzilik jarriko duen Palestinako bandera. Beste eskuan zeloa darama, hainbeste manifa bezperatan lagun izan duen hori. Badira mainstream bihurtu diren aldarrikapenak, baina enpatia da bere bizitza mugitzen duen engranajea. Tristetu egiten da kontraesanek zaplada bat ematen dioten bakoitzean: bera kaka putzu batean igerian dabilen arren, ez da munduan beste batzuk jasaten ari diren sufrimenduaren parekoa. Geratzen zaion kontsolamendu bakarra egoeraz kontziente izatea da, eta kaletik doazenei, gora begiratzen dutenean, munduaz lotsagorritzeko aitzakia bat gehiago eskaintzea. Berak ere beti altxatzen du burua eraikinen albotik pasatzean. Gogoan dauka joan den astean begia jo zion balkoi hura. Bertan ageri zen andre hari bere amumaren antza hartu zion. Banderari azken tolesdurak xehe-xehe doitu, eta amumari deitzea okurritu zaio. Enpatiaren engranajeak ez du etenik.
Balkoian eserita daude Ines eta Lore. Oso gustuko du Inesek Lorerekin hizketan jardutea. Honetaz eta horretaz aritzen dira ordu luzez. Inesek laurogeita hiru urtetan zehar gertatu zaizkionak kontatzen dizkio. Zoriontsu izan zela behinola, haien umetako baserrian. Artajorran oroitzen duela bere burua Muxikako inguru hartan, edo indabak garantzen. Konbentzituta dago garaiotan ez zegoela kezkarik bere bizitzan, jakin badakien arren, kezkaz betetako mundu bat idealizatu egin daitekeela. Ardura eta lana izan ziren haien eguneroko ogia, hura baitzen aurrera egin beharrari probetxua ateratzeko bide bakarra. Matriarkatuaz hitz egiten dio Loreri. Baserrietako emakumeak zirela gobernantak. Haiek agintzen zutela etxean, agintzen zutela asko, pila bat, ia-ia gizonen kantzontziloak garbitzen zituzten neurri berean. Gerora, Gernikara ezkondu zela azaltzen dio. Lehen norabait ezkontzen zinela, bizitzen joan beharrean. Pena ematen omen dio bere lagunekin ez ezkondu izanak, loturaren zentzu hertsienean, faltan somatzen dituela haietako asko. Inesek nostalgiaz hitz egiten du bere senarraz, hura hil zenetik, sinesten duela hor nonbait dagoela oraindik, ez dakiela polterguais horietako bat izango den edo zer, baina berak Pedroren presentzia somatzen duela etxea garbitzen duenetan. Seme-alabak aipatzerakoan, paparra puzten du beti, ingeniaritza bat egin duela batak eta bestea lan bila dabilela, baina oso abila dela ordenagailu kontuetan, hark irakatsi ziola mugikor tekla handiduna nola erabili. Inesek dio ez daukatela etortzeko denborarik, oso okupatuta daudelako, baina, agian, bi aste barru gazteena bisitan joango zaiola, hitza eman diola, duela bi aste bezala. Inesek ureztagailua hartu, eta urez blaitu du Loreren gorputza. Joan beharra daukala erosketak egitera, baina arratsaldean ikusiko dutela elkar. Inesek badaki geranio askok izaki bizidunek baino hobeto dakitela albokoa entzuten.
Bizitza anonimoen eusle dira balkoiak. Nik badaukat bat, nahiko normala izatez, baina xarma bereziduna. Balkoiko izkinan eserita idatzi ditut testu honen azken hitzak. Etxean nago, baina kaleko perspektibarekin. Ez dago idazle batentzat eremu erosoagorik.