Badaezpada

Jasotzen duzue ARGIAren buletinik? Nik goizeko seiak aldera jasotzen dut egunero, eta ohitura bihurtu zait kafea hartu bitartean albisteak irakurtzea eta egunak edo asteak dakarrenari errepasoa ematea. Oporrengatik edo bestelako arrazoiren batengatik buletina iristen ez zaidanean, faltan botatzen dut. Benetan gomendatzen dizuet izena ematea. Gorka Peñagarikano kazetariak idazten du, mimo handiz, modu ironiko, hurbil eta gogoetatsuan.

Joan den asteko buletinetako batean, badaezpada egiten ditugun gauzez aritu zen. Aterkia hartu, euria egingo duelakoan; plan batera joan, zerbait galduko dugulakoan; edo mugikorraren bateria bete-bete kargatu, egun osoa kalean emango dugulakoan. Badaezpadakoek ezbeharrei aurrea hartzeko balio digute, baina baita aukerak ez galtzeko ere.

Badaezpada egiten ditugun gauza guztiek badute zerbait komunean: ez dakigu aurreikusten dugun hori gertatuko den, baina, badaezpada, hobe egitea, gero damutzea baino.

Badaezpada jokatzeak badu, ordea, bere koska: ez da nahikoa zerbait egitea; egindako horrek balio behar du nahi duguna lortzeko. Aterkia hartzeak ezer gutxirako balio du zulatuta badago. Badaezpadakoak, beraz, ondo hausnartutako erabakia izan behar du. Zer egin erabakitzea bezain garrantzitsua baita nola eta zertarako egiten dugun jakitea.

Azaroaren 29an izango dugu badaezpada jokatzeko aukera Hego Euskal Herriko hautetsontzietan. Eta, oraingoan, badaezpada bikoitza izango da: etor litekeen garaiari aurrea hartzekoa, batetik, eta etortzea nahi dugun horri bidea zabaltzekoa, bestetik. Bata zein bestea gogoan, bozkatu, badaezpada bozkatu, baina ondo bozkatu: posible egin.