Azken orduko ahotsa
Lantokian urte luzetan garbitzaile beharretan ibili dan emakumeak erretiroa hartu dau. Haren ordez, beste garbitzaile gazteago bat dator, egunero-egunero, institutua garbitzera. Baten batek pentsauko dau garbitzaile batek bere gitxieneko eginbeharrak beteten baldin baditu, bardin dala pertsona bat edo beste bat izatea egunero inguruan zapia, erratza eta lanbasea pasetan. Baina, honetan be, beste edozein ogibidetan gertatzen dan modura, eginkizunen ganetik pertsonak dagoz, eta pertsona bakotxak emoten deutso egunerokoari hain preziatua dan balio erantsi txiki eta iheskor hori.
Lantokian urteetan garbitzaile ibili dan emakumea kantari fina da, eta zorua garbitu bitartean, beti kantetan eban: gozo, samur. Haren doinua entzutean konturatzen ginan jada bazala bistea ordenagailutik, apunteetatik edo arbeletik apartau eta etxera joateko ordua. Geure egunerokoan guztiz sartuta egoan soinua zan, Pavloven txakurra bagina lez, egunerokoa gozoagoa egiten eban melodia maitea. Goizeko oilarraren kukurrukuaren edo arrastiko eleizako kanpai hotsaren antzera, egokion doinua emoten eutson haren ahotsak egunaren une jakin bati.
Lantokian urteetan garbitzaile ibili dan emakumeak landareak biziki maite zituan, eta institutu osoko ikasgela bakotxaren mahai ganean landareren bat eukan ipinita, maitasun osoz. Berak baino ez ekian ondo zein landareri jatorkon hoba eraikinaren hegoaldea ala iparraldea; berak baino ez ekian zehazki zein landare motak behar daben ur gehiago, zeintzuk eukien itota hiltzeko arriskurik handiena, larregi ureztatu ezkero. Ha ez dagoanetik, zimel eta idor dago nire mahai ganeko landarea. Garbitzaile lanetan dabilen neska barriak dezente ureztatzen dau, baina nik uste urteetan garbitzaile ibili dan emakumearen ahots samurra falta jakola landareari be, abesteaz gain, ondo baitakit landareei be berba egiten eutsela, ingurua atondu bitartean.
Beharren ganetik, pertsonak dagoz, eta pertsona bakotxak nortasun propioa eta zentzu zehatz bat emoten deutso egunero egiten daben lanari. Nire mahai ganeko landareak nahikoa zimel dagoz orain, eta aitortu behar dot neuk be zeozeren faltea igartzen dodala egunero, lanean nagoan azken ordu erdi horretan; korridorean agertuko ete dan ikusteko, ikasgelako atetik burua ataraten dodanero, doinu bat sentitzen dot faltan nire barrenean. Eta orain kargutzen naz musika hark nire arimearen zati bat ureztatzen eta aberasten ebala, urak landareari bizitzea emoten deutson neurrian.