AZKEN AZKEN BARIKUE
Datorren azaroaren 27an, azken ostiraleko azken elkarretaratzea izango da Gernika-Lumon. Urteetan egin bezala, Pasealekuko eskaileratan elkartuko gara, arratsaldeko 20:00etan. Haatik, ostiralekoa ez da ohikoa izango: ekimen iraunkor honen azken deialdia izango da.
Izan ere, testuinguru ezberdinak igaro eta hainbat gorabehera gainditu ondoren –ia hiru hamarkadetan burutu den mobilizazio eredua da–, amaiera emango diogu ekimenari. Alta, eta garrantzitsua da azpimarratzea, euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea erabat gauzatu arte mobilizatzen jarraituko dugu. Hori ziur.
Mobilizazio eredu hau da amaituko duguna; ez mobilizatzeko beharra, tamalez. Gaur egun, 110 preso, 13 iheslari eta 3 deportatuen existentziak ohartarazten digu euskal gatazkaren ondorio horrek konpondu gabe jarraitzen duela, eta, beraz, elkarbizitza eta bake eszenatokia eraikitzeko urgentziazkoa dela horiek desagertzea. Horretan segituko dugu, eta ildo mobilizatzailea xede hori lortzeko egokituko dugu.
Horregatik guztiagatik, mobilizazio egun hau berezia izatea nahiko genuke, eta asmo horrekin, elkarretaratzeaz gain, Kittu musika taldearekin kalejira eta elkartasun afaria ere egingo ditugu. Txartelak salgai daude Arrano tabernan eta ASTRAn (bertan egingo dugu afaria) eta etxeratzearen alde dagoen jende ororen ekimena izatea nahiko genuke. Gonbidatuak zaudete, beraz.