Arrakalak
Idatzi hau argitaratzen dan egunean, otsailaren 20an, Justizia Sozialaran Nazinoarteko Eguna izango da, Nazino Batuen Erakundeak izentauta. Hau da, pertsona guztien eskubide eta aukera bardintasunaren eta tratu duinaren aldeko oinarrizko printzipioaren eguna, gizarte justu eta kohesionatuago bat lortzeko. Helburu nagusietarikoa da arrakala sozioekonomikoak txikitzea.
Baina gaur egun zein da joerea? Arrakala horreek zirrikitu txiki bihurtzeko bidean goaz ala zulo baltza gero eta handiagoa da? Ba, zoritxarrez, bigarren joera da nagusi, eta gainera, zulo handi horrek pertsona eta eskubide asko irunsten ditu.
Oxfam Internacional GKEaren azken datuen arabera, munduko 12 pertsona aberatsenek 4.000 milioi pobreenek alkarregaz baino ondare handiagoa dabe, batzuen eta besteen arteko aldea handituz doa, eta gainera, pobreziaren beherako joera eten egin da azken aldion.
Eta gurean zer? Caritasek gizarte bazterketaren eta giza garapenaren inguruan egindako azken FOESSA txostenak ez deusku itxaropenerako aukera askorik izten. Beste leku batzuetan baino hobeto egonda be, gero eta makalago gagoz. Gizarte bazterketan dagozan pertsonen kopurua gitxitu egin da, baina 260.000 inguru dagoz premina gorrian, gehien-gehienak emakumeak, umeak eta gazteak.
Horrez gain, nahiz eta gaur egun bazterketa egoeran egon ez, gero eta jente gehiago dago arriskuan, kili-kolo, edonoz zulo baltz horretan jausteko zorian. Arriskuan dagozan pertsona honeek gaur egun lanean dagoz, enplegua dabe, baina horrek ez dau ziurtatzen euren integrazinoa.
Gaur egun, enplegua eukiteak ez dau bizimodu duina bermatzen, kasu askotan enplegu hori prekarioa dalako; soldatak urriak eta soldaten eta bizi izateko behar dan diruaren arteko arrakala gero eta handiagoa da. Alde horren eragileetariko bat etxebizitzen prezioa da, erosteko zein alokatzeko gero eta garestiago dagozalako. Gaur egun, 8 edo 9 urtetako soldata behar da Euskadin etxe bat ordaintzeko, epe hori asko luzatu da azken urteotan eta ez dau emoten laburtuko danik. Alokairua be neurri barik goraka doa, sabairik ez baleuko legez.
Egoerea bideratu nahian neurriak hartu eta proposatzen dira, tartean lanbidearteko gitxieneko soldata handitzea. Hemen, gurean, 1.500 euroko gitxienekoa eskatzen dabe sindikatu nagusiek eta makina bat eragilek, eta martiaren 17rako huelgara deitu dabe, gitxien kobretan dabenen bizimoduak hobetzeko asmoz.
Badagoz preminak eta zereginak, gizarte justuago eta duinagoa nahi badogu. Arrakalak ez dira berez konpontzen, eta kasurik egin ezean, okerrera egiten dabe gainera. Ia otsailaren 20. honek kontzientzia hartzen eta alkarregaz hobetzeko pausoak emoten laguntzen deuskun.