Alex Zubiaren zutabea: A ze bake antza dagoen
Hotz egiten du gaurkoan, hotza eta euria. Elurrak ere laster hartuko ditu gainak. Beheko sua piztu eta John Denverren Sunshine On My Shoulder musika ederraren kulunkaz giroaren lasaitasunaz ohartzen naiz. A ze bake antza dagoen. Amaitu dira aurtengoz hauteskundeak, katalanek ere pasa dituzte beraienak eta ez dakit onerako, txarrerako edo ez baterako ez besterako izan diren, geureak bezala. Amaitu dira aurtengo greba orokorrak ere. Batzuk bi pasa dituzte, beste batzuk hiru, batzuk bat, eta azken batzuk batere ez, greba egitea ez baitago inoiz ondo, ez gauzak ondo doazenean, ezta gaizki dihoazenean ere. Amaitu da borroka armatua, bat behintzat, beste bizpahiruk ez dute esan beraiek ere betirako ixiltzeko prest daudenik, baina tira, txakur ixilak ez da oso fidatzekoak. Amaitzeagatik, aurtengo murrizketak ere amaitu dira… Beno, oraindik hile bat pasatxo geratzen da klas-klasklas, artaziak sartzen ibiltzeko, martxa honetan ilea “a la griega” utziko digute denoi; tira, denoi ez, inoiz grebarik egiten ez duten horietariko batzuk, noren aurka grebak egiten diren, horiek ondo beteta dituzte patrikak eta orrazkera “a lo wall street”.
Ona da beheko sua, lasaitasuna ematen du. Badu biziarekin antza, beti aldakor, baina beti su, noiz su garai eta alaiekin dantzan, noiz garrik gabeko goritasunez. A ze bake antz duen goritasunak ere, garrik ikusi ez arren. Ematen du ez dagoela surik, baina ukituz gero egon badagoela konturatzen gara erre bezain arin.
Halako antza hartzen diot oraingo goritasunari. Ematen du surik ez dagoela, baina erre egiten gaitu komunistak, sozialistak eta espainiar zein euskal demokratakristauak deabruaren aurka elkarturik ikusteak, deabruak erreko balie bezala. Demokrata omen diren kristau prestu horiei agian, baina komunista eta sozialistei ere erretzen al die deabruak abertzale sozialistak?
A zelako goritasuna somatzen dugun gure senideak, gura lagunak, gure burkideak besarkatu guran leihorantz eskuak luzatu eta barroteek erretzen gaituztenean.
A zelako bake antza ikusten dudan komunikabideetan eta nola erretzen nauen nire bihotzaren goritasunak benetako bakerik aurkitzen ez duelako inon.