Ahaztuak
1931ko apirilaren 14an, Eibarren, II. Errepublika aldarrikatu zan. Eibarren atzetik, gainerako urietan baiezkoa emon jakon demokraziari eta ezezkoa monarkia ustelari.
Garai hartan, Espainia osoko egoera sozial, ekonomiko eta kulturala benetan negargarria zan, nekazarien ia %50ek ez eben jabetzapeko lurrik, gehienek ez eben idazten eta irakurtzen jakiten eta bizi baldintza oso kaxkarretan bizi ziran. Alfabetatu bakoen tasa oso handia zan eta emakumeen kasuan egoera oraindik okerragoa zan.
Testuinguru latz horretan, Errepublikaren aldarrikapenak egundoko poztasun eta itxaropen momentua izan zan beharginentzako, jendeak lana, askatasuna, ezagutza eta kulturaren beharra zeukan eta. Eta Errepublikak arduraz jokatu eban, milaka maistra eta maisu kontratatu eta prestatzeaz gain, eskola piloa eraiki eragin ebazan herri bakartuenetan egon arren be.
Gizarte distiratsuagoa, bidezkoagoa eta aurreratuagoa lortzeko oinarriak jartzen hasi ziran. Baina, zoritxarrez, ametsa amets-gaiztoa bihurtu zan Errepublikako gobernuari inork ez eutsonean laguntzarik emon
Hezkuntza, erabateko iraultze prozesuan murgildu zan: erlijiosoa izatetik laikoa izatera, ikasleak berdintasunean heziz, eta bere garaian aurreratuena zan pedagogia erabiliz, Freinet pedagogoarena, hain zuzen be. Pedagogia honen arabera, ikasle-irakasle arteko harremana errotik aldatzen da: maisu maistrek agindu beharrean, gidatu egiten dabe ikaslea, ikasten dan guztia esanguratsua eta zentzuzkoa izan behar da, talde lana bultzatzen da, eta erabiltzen diran estrategiak, errealitatera, bideratuta egon behar dira. Marko horren baitan, ohikoak ziran: eskolako egunkaria, ikasleen asanbladak, eskolen arteko gutunak, idazten ikasteko inprenta, antzerkia…
Eta hau dana gitxi balitz, “Misiones Pedagogicas” zeritzanak antolatu ziran landa giroko eskoletara batez be kultura (liburutegiak, antzerkiak, pelikulak, musika…) helarazoteko.
Gizarte distiratsuagoa, bidezkoagoa eta aurreratuagoa lortzeko oinarriak jartzen hasi ziran. Baina, zoritxarrez, ametsa amets-gaiztoa bihurtu zan Errepublikako gobernuari inork ez eutsonean laguntzarik emon. Egindako lan zoragarri guztia bertan behera gelditu, errepresioa nagusitu zan eta maistra-maisuen kolektiboa izan zan batez be amorru handiz zigortua izan zana. Eraildakoak, torturatuak, espetxeratuak… eta etorkizunean euren bokazioan, gogoko euken beharrean, aritzea ukatu egin jaken.
Sufrikarioa horrenbestekoa izan zan familiatan be ez zala bizitako goseaz, espetxeaz, bazterkeriaz berbarik egiten. Halan izan zan be, Terueletik Arrietara etorri zan gure aitxitxe Ramonen kasua. Urteak eta urteak emon ebazan espetxe desberdinetan nekazarien sindikalismoa bultzatu eta gerrako frentetik Alikanterantza ihes egiten eben emakume ta umeei laguntzeagatik. Horreek izan ziran bere “pekatuak”!!.
Kolektibo hau, Errepublikako maisu-maistrena, guztiz ahaztua izan dala esango neuke; izan be, ez doguz behar beste ezagutzen, ezta balioan jartzen gizarteari egindako ekarpenak. Eurek sinesten eben hezkuntzak, pertsonak eta gizartea eraldatzeko gaitasuna eukala, eta horren alde egin eben behar. Horregatik, euren lana eta konpromisoa gogoratzean, inoiz baino zentzu handiagoa hartzen dabe Mikel Laboaren berbek: “Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea”.