Adimen gaitasun handiak: mitoaren atzean dagoen errealitatea
Zinema eta telesail estatubatuarrek irudi oso erakargarri bat eraiki dute adimen gaitasun handien inguruan. Pantailan, aparteko adimena duen haurra edo gaztea askotan jeinu modura agertzen da: matematikan, teknologian edo zientzietan izugarrizko trebetasuna du, haur edo gazte aparta izan ohi da, argia… Errealitatea bestelakoa da oso, adimen gaitasun handiak izatea, askotan, erronka handi zein ikusten ez diren zailtasunekin baitator.
Hezkuntza sisteman bertan agerian geratzen da hori. Lehenengo arazoa ulermen faltarekin hasten da. Gizartean oraindik ere zabaldua dagoen ideia da adimen gaitasun handiak dituzten haurrek ez dutela laguntzarik behar. Pentsatzen da adimen gaitasun handiagoak izateak berez ekarriko duela arrakasta akademikoa, bakarrik moldatzeko gai izango direla uste baita.
Baina ikuspegi horrek alde batera uzten du funtsezko zerbait: hezkuntza sistemak erritmo eta behar desberdinak dituzten ikasleak hartu behar dituela kontuan. Erritmo motelago batera egokitu behar izateak edo edukiak errepikakorregiak suertatzeak frustrazioa, motibazio falta edo portaera arazoak eragin ditzake.
Gaitasun handiak dituzten ikasle batzuk ikusezin bihurtzen dira sistemarentzat. Ez dira beti nota altuenak ateratzen dituztenak. Batzuek ikasketa-ohitura eskasak garatzen dituzte, inoiz ez dietelako benetako erronkarik jarri; beste batzuk, berriz, beren gaitasunak ezkutatzen saiatzen dira.
Gizarte-harremanen eremuan ere agertzen dira zailtasunak. Interes desberdinak izateak edo adin bereko kideekiko desorekak isolamendua eragin dezake. Batzuetan, gaitasun handiko haurrek nagusiagoen gaiak interesatzen zaizkie, edo pentsatzeko modu konplexuagoa dute, eta horrek komunikazio-arrakala sortzen du ingurukoekin. Horrek ez du esan nahi lagunak egin ezin dituztenik; baina askotan harreman horiek aurkitzea zailagoa suertatu daiteke.
Jeinuaren irudia hain errotuta dagoenez, askotan ahazten da gaitasun handiak dituzten pertsonak ere askotarikoak direla
Alderdi emozionala ere sarritan ahazten da. Gaitasun handiak dituzten pertsona askok sentikortasun handia dute, eta inguruan gertatzen denarekiko kontzientzia sakonagoa. Mundua intentsitate handiagoz bizi dute, eta horrek sormen handia, jakin-mina eta enpatia ekar ditzake, baina baita antsietatea eta gehiegizko autoexijentzia ere. Askotan presio ikusezin bat sortzen da: beti espero baita emaitza bikainak lortzea, beti onena izatea. Zama horrek, ordea, pisu handia har dezake, batez ere nerabezaroan.
Beste arazo bat estereotipoarena da. Jeinuaren irudia hain errotuta dagoenez, askotan ahazten da gaitasun handiak dituzten pertsonak ere askotarikoak direla. Ez dira guztiak matematikari edo zientzialari apartak, ez dira beti ikasle eredugarriak, eta ez dute zertan arrakasta profesional ikusgarria izan. Pertsonak dira, euren indargune eta ahulguneekin.
Horregatik guztiagatik, agian garaia da adimen gaitasun handien inguruko diskurtsoa berrikusteko. Gizarte gisa, erronka, pertsona horiek ulertu eta behar duten babesa eskaintzea da. Azken batean, pertsona bakoitzak bere gaitasunak modu osasuntsuan garatu ahal izateko espazioa bermatzean datzana.