
Parte hartze saioa deitu du Muxikako Udalak etzirako (urtarrilak 8), 18:00etan, Zubieta-Errotan. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuaren lehen zirriborroak prest ditu, eta horiei herritarren ekarpenak gehitu gura dizkio udalak.

Alex Goitiak eta Unai Lekerikak Eusko Label Winter Seriesko finalerdien ligaxkaren lehen jardunaldia irabazi dute, Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez hirugarren setaren azken tantoan menperatuta.

Ttakuntxo Txalaparta Taldea "loratze prozesu batean" murgilduta dago, behin egindako bideari eutsi nahian. Aldiroko herriaren erantzun ona ikusirik, Bermeon taldeak berriz ere indarra hartzea aurreikusten du Mikel Etxebarria taldeko irakasleak. Taldeko kideek "gogo handiz" bizi dute euren zaletasuna.

LGBTQ+ kolektiboko kideek aske izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute beste behin, eta herriak leku seguruak izan behar direla aldarrikatu dute: "Gure helburua da kolektiboko jendea seguru sentitzea eta horrela sentitzeko eremu bat sortzea. Horretarako, eraso oro salatuko dugu, eta eraso horiek argitara aterako ditugu".

Busturiko Udalak HAPO berria idazteko kontratua esleitu du, 223.345 eurotan. Dokumentu berriak azken urteetako hirigintza-aldaketa berriak beregain hartuko ditu, eta "araudi berriagaz bat" etorriko da. Halaber, herritarren partaidetzarako programaren hasiera ere onartu du udalak.

Adela Bizkaia erakundeak jaso du aurten Gernika-Lumoko Marijesiek bildutako dirua: 2.547,40 euro. Gaixotasuna dutenei zainketa aringarriak eskaintzeko eta ikerketa bideratzeko erabiliko dute diru ekarpena.

Maier kooperatibaren I+G zentro da Maier Technology Centre (MTC), eta horrek jasoko du Bizkaiko Foru Aldundiaren 2,5 milioi euroko ekarpena. Inbertsioa Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) baitan kokatzen da, eta eskualdeko ehun industriala eta teknologikoa indartzea ditu helburu.

AEBek Venezuelan egindako erasoa gaitzetsi dute hainbat eragilek munduan barrena. Ernaik, esaterako, Gernika-Lumon elkarretaratzea egin zuen zapatuan, eta erasoa "eraso estrategikotzat" jo zuen, AEBk Latinoamerika "eremu estrategikotzat" duelako, natur baliabide ugarien aberastasunagatik.

Ertzaintzako agenteek 22 eta 31 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo [urtarrilak 5] Bermeon, Gabon Zahar gauean arma zuriz egindako lesio eta mehatxuengatik.

Odola emateko autobusak hiru egunetan egingo du geldialdia Gernika-Lumon, bitan Bermeon eta egun bakarrean Mundakan.

Sare Gernika-Lumok abenduaren 31n egindako mobilizazioan gogoratu zuen oraindik 104 euskal preso, 14 iheslari eta 3 deportatu daude etxerako bidean jartzeko: "Elkarbizitzarako urratsak emateko, ezinbestean, haien etxeratzea oinarrizkoa eta urgentziazkoa da".

Gernika-Lumoko udal aurrekontua osatzeko iradokizunak bihar (urtarrilak 6) arte jasoko dituzte, bai udalean, bai posta elektronikoz.

Foruko Udalak V16 balizak egiten dituen herriko Atressa Automotive Factory S.A. enpresagaz lankidetza-hitzarmena abiatu du, eta etxebizitza bakoitzeko baliza bat oparituko dute. Herritarrek udaletxean jaso beharko dituzte, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegian.

Gernika-Lumoko Merkatu plazan lehiatuko dute Euskadiko Karakol Txapelketa domekan, bi modalitatetan: aldez aurretik etxean egindako kazolena eta plazan bertan egostekoena.